euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan: 2022ko neguko barnetegia bukatuta maila egiaztatzeko azterketak egin ziren Buenos Airesen

2022/07/28

Barnetegiko partaideak, Arantxa Anitua, FEVAko presidentea; José G. Anitua, Laurak Bateko presidentea; eta bazkide pare batekin
Barnetegiko partaideak, Arantxa Anitua, FEVAko presidentea; José G. Anitua, Laurak Bateko presidentea; eta bazkide pare batekin

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Argentina, Txile eta Uruguaiko 20 ikaslek parte hartuta amaitu da joan den ostiralean Buenos Airesen 2022ko neguko barnetegia. Euskara Munduan programaren baitan, Diasporako euskara irakasleak trebatzeko ikastaroa den hau Laurak Bat Euskal Etxean egin da eta eskola-emaile izan ditu Gabriel Arce, Irene López de Vicuña eta Gabriela Mendia argentinarrak eta, Euskal Herritik etorria, Euskara Munduan programako arduradun Kinku Zinkunegi.

Zinkunegiren hitzetan, taldearen bilakaera oso atipikoa eta konplexua izan da. Izan ere, euren trebakuntzaldia "2020ko urtarrilean hasi baitzen, aurrez aurre", "baina pandemia dela eta geroztik ezin izan dugu prozesu normal bat jarraitu, eta ondoko hiru barnetegiak —bi egin ohi dira urtero, urtarrilean eta uztailean— online  dira. Oraingo hau izan da, atzera lehenengo aurrez aurrekoa normaltasunera bueltatuta. Prozesua ez da batere erraza izan eta oztopo horien guztien gainetik aurrera jo eta lan zoragarria dute", esan du.

24/7 euskaraz, Buenos Airesen

Ez da bizi izandakoarekin gustura agertu den bakarra. San Nicolaseko Mincha Miro gazteak argi ikusten du bere aurrerapena eta "inork ez dugula amaitzen barnetegia hasitako moduan". "Barnetegia akuilu bikaina da euskaraz bizi eta testuinguru guztietan euskaraz egiteko ohitura hartzeko, eta guk hemen euskararen bideari eusteko. Gure esperientziagatik balio bikoitza du gogoan hartu behar baita urtean zehar online jarraitzen dugulako ikaskuntzaldia", adierazi dio Euskalkultura.eus-i.

Tandildik etorritakoa den Santiago Benavidezek azaltzen duenez, barnetegia "esperientzia polita eta aberasgarria izan da oso, zazpi egunez euskaraz hitz egiten pasa ditugulako, ez bakarrik klaseko orduetan, egun osoan baizik, bazkaltzeko edo afaltzeko orduan, txangoetan eta baita aisialdian ere. Eta ikasteaz gain, honek indarra ematen digu. Irakasleek asko lagundu digute, euskaraz hitz egiteko aukera emanez denbora guztian. barnetegiaren helburu nagusia hori izan baita, oso ondo pasatuz gainera"

Euskara ikasi eta irakasle bilakatzen EHtik 10.000 kilometrotara

Ikastaroa bukatu eta biharamunean, maila egiaztatzeko azterketak egin ziren. Zinkunegiren iritziak ez dauka honetaz zalantzarik: "Momentu honetan Buenos Airesen C maila egiaztatzeko azterketa egingo duten hamaika persona izatea hito bat da, lorpen ikaragarria, nire ustez. Gogoan hartu behar da jende honek ikasitako % 95a hemen, Argentinan edo Uruguain lortu duela, online, barnetegien laguntzarekin, eta abar baina euskararen eremutik hamar mila kilometrotara. Eta hala ere, komunikagaitasun hori lortzea... euskararentzat arrotza den testuinguru honetan maila hori lortzea, hori da meritoa hori. Emaitzak zeintzuk izango diren ez dakit baina hamaika pertsona aurkeztea C1era, hiru B2ra hiru eta beste sei B1era, nonahi harro kontatzeko gauza da", azpimarratu digu irakasle euskaldunak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia