euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Nor gara

EUSKAL KULTURA euskal diaspora eta kulturaz espezialdutako buletin eta webgunea da, Euskal Herriaren eta munduan barreiatutako euskal komunitateen arteko zubilana egitearren Basque Heritage Elkartea izeneko irabazi-asmorik gabeko elkarteak sortu eta garatua. Diasporan jaio edota bertan lotura sendoak dauzkan jende talde txiki batek abiarazitako ekimena da, ikusirik gero eta interkonektatuagoa eta globalizatuagoa den mundu honetan euskal kulturak behar dituela eskuratu tresna eta lanabes propioak bere buruaren berri normaltasunez emateko eta informazio eta komunikazio alorreko ahalegin horrek behar dituela bildu, zazpi probintziak ezezik, munduan zehar gure kultura eta nortasunaren aterkipean lanean ari diren euskal komunitateek eta Diasporako euskaldunek amankomuneko euskal ondare, kultura eta erkidegoari egiten dizkioten ekarpenak.

EUSKAL KULTURA ekimen independentea da eta, euskal diasporari buruzko baliabide eta komunikabide gisa, bere izaera eta engaiamendua bi zutabe hauetan oinarritzen du: kazetaritza alorreko produktu ahalik eta duinena egitean, batetik, eta bestetik euskal kultura eta diasporaren aldeko konpromisoan. Gure proiektuak ez dauka menpekotasunik inongo alderdi edo iritzi talderekin eta bere jardunean euskal kultura eta diasporarekin zerikusia duten ekimenen berri ematen du bereizkeriarik gabe, zerbitzu publiko irizpidez.

Bere ibilbide eta historiari dagokionez, EUSKAL KULTURA buletina paperezko bertsioan agertu zen lehenik. Izan ere, hastapenean Euskal Fundazioa --Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa-- erakundeak bultzaturik, 1998an Txileko Santiagon argitaratzen hasi zen, zabalkundea Ameriketako zenbait herrialdetan zuela, batez ere Txile, Argentina eta Uruguain, baina baita ere Venezuela, Panama, Puerto Rico, Mexiko eta Estatu Batuetan. Paperean bizitza mugatua izan zuen eta internetera 2001ean jaio zen.

Geroztik munduko euskal komunitateetatik amankomuneko euskal kulturari, eta baita ere tokiko gizarte eta herrialdeei, egiten zaizkien ekarpenak bildu eta islatzearren segitu du lanean, zinez pentsatzen baitu(gu) munduko euskaldunek eta euskal komunitateen koordenadetatik egiten diren ahaleginek tokian tokiko biztanleen garapena eta bizitza kalitateari laguntzen diotenean lortzen dutela euren zentzu osoa.

[Ekimenak egoitza eta bulego bat dauka Donostian, bi pertsonako egitura profesional minimoarekin. Munduko euskal bazterretan euskalgintzan lanean diharduten kolaboratzaile bolondres finak ditu oinarri, giltzarri eta zimentarri, lankide ari garen guztiok konpartitzen ditugun zerbitzu izpiritua eta ilusio engaiatua baitira proiektuarekin aurrera segitzeko dugun akuilu eta indar nagusia. Korrespontsal bana dauzka Argentinan eta Estatu Batuetan, beti ere gogo eta konpromiso berarekin]

Finantziabidea, instituzioetatik lortzen saiatzen den dirulaguntzak ditugu, publizitateagatik lor ditzakegun sarrerekin batera. Helburuz, eskarmentuz eta izaeraz proiektu sendoa bada ere, ekonomikoki urtero-urtero zerotik behar du hasi eta borrokatu aurrekontua berdindu ahal izateko. Kultura propiektu bat da eta azken urte hauetako egoera ekonomikoan ez ditu batere momentu goxoak bizi izan eta urteak daramatza lanean finanziazio minimo bat segurtatzearen alde, lankidetza-hitzarmenak sinatzea helburu, baina arrakasta handirik gabe; publizitate bidezko sostenguari dagokionez arlo horretako sarrerak areagotzen saiatzeko apustua ari da egiten, geroari, orainari eutsi ahal izateko.

Egoera ekonomiko larria bizi du, beraz, eta segitzeko bokazio sendoa badu ere, itxieraren mehatxua gainean du, bere proiekzioagatik eta irakurleekiko eguneroko hitzorduari kaskagogorki eusteak batzuetan bestela pentsa arazi badezake ere.

Indarrek ematen diguten arte segituko dugu.

Esan, amaitzeko, ateak zabalik dauzkan ekimena dela EUSKAL KULTURA. Jende askoren ahaleginari esker kaleratzen da, eta jende askoren lanaren, ilusioen eta dedikazioaren berri ematen du. Lankide izan nahi baduzu eta bizi zaren tokiko berriemaile bilakatu, edo publizitatea ipiniz edo bestela lagundu, edo zure inguruan gure berri eman edo beste edozein gisara sostengatzeko modua ikusten baduzu, esaiguzu, euskal kultura eta diasporarekin engaiatutako hainbat jendek aurreratzen dugun proiektua baita honakoa eta zinez estimatuko baitugu zure laguntasuna..

Joseba Etxarri
zuzendaria/director
etxarri@euskalkultura.eus



PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia