euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinan ere Diasporak aho batez oihukatu zuen 'Euskara gara' herrialdean zehar Korrika 24k egin zituen hitzorduetan

2026/04/08

Kostaldean edo barnealdean, eguzkia, hodeiak edo euripean, Korrika hiri ugaritatik igaro zen: Buenos Aires, Tandil, Laprida eta Necochea
Kostaldean edo barnealdean, eguzkia, hodeiak edo euripean, Korrika hiri ugaritatik igaro zen: Buenos Aires, Tandil, Laprida eta Necochea

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Seguruenik Korrika beste artilkuluren batean aterako bada ere, honakoa da Korrika 24ri buruz irudi eta informazio bilduma eginez argitaratuko dugun azken kronika, Argentinako hitzordei eskainia. Euskal etxeen sareari esker, 24. edizio honek oihartzun zabala izan du herrialdeko probintzia eta herri ugaritan, kaleak euskararen aldeko aldarri eta festa giroaren lekuko izanez. Adin guztietako ikasle eta euskaltzaleek bat egin dute kontzientziazio deiarekin. Datozen lerroetan aipagai Buenos Aires —bi ospakizun izan ziren hiriburuan— Tandil, Chascomus, General Rodriguez, Pergamino, Laprida, Necochea eta Bahia Blanca hirietan antolatutako ibilbide eta bategiteak.

 
Euria eta haizea ez ziren oztopo izan. Martxoaren 21an, larunbata, Lapridako Lagunen Etxea elkarteko lagunak kalera irten ziren auto karabana batek lagunduta. Udaletxe aurrean ikurrina eta Argentinako bandera harro astindu ostean, euskarazko jolasekin biribildu zuten eguna euskal etxean.

 
Ostiral ilunabarrean, martxoaren 27an, Bahia Blancako Union Vasca-ko taldeak egoitza inguruko kaleak hartu zituen. Dantza eta konpromisoa uztartuz, gogoz erantzun zioten Korrikaren deiari

 
Astelehenean Itziar Ituño aktoreak Laurak Bat Euskal Etxeko taldearekin batera Belgrano kaleko egoitza historikoaren inguruan egindako lasterketa sinboliko batean parte hartu zuen martxoaren 23an.

 
Zingirako Euskaldunak elkarteko gazte eta helduen gogoak jarri zion erritmoa larunbateko jardunari. Ikurrinak eta Argentinako banderak eskuan eta euskararen aldeko oihuak ahoan, Chascomuseko kaleak zeharkatu zituzten martxoaren 28an

 
Ehun lagunetik gora batu ziren larunbatean, hilaren 28an, Mayo Plaza entzutetsua eta Bernardo de Irigoyen kaleko euskal egoitza lotzeko. San Telmotik egindako trikipoteo jendetsuak girotu zuen gaua, eta igandean, Zea Mays taldearen kontzertu ahaztezinak jarri zion urrezko amaiera Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiaren egitarauari

 
Eguraldi txarrari aurre eginez, Tandilgo Gure Etxea elkarteko euskaltzaleak Martin Rodriguez plazan elkartu ziren igandean, martxoaren 29an. Korrika eginez, euskararen presentzia aldarrikatu zuten Tandilen

 
Larunbatean, martxoaren 28an, Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea-ko kideak Martin Rodriguez plazatik euren egoitzara joan ziren kantu eta kartel artean. Bidean, euskararen errealitatea eta Korrikaren esanahia ezagutarazi zieten herritarrei

 
Pergaminoko Lagun Onak-eko lagunek gorputza eta erritmoa jarri zioten 24. edizioari. Belaunaldi guztiak bilduta, aurtengo abesti ofiziala den "Xiberutikan Mendebaldera" dantzatu zuten bideo oroigarri bat osatuz

 
Necocheako Euzko Etxeko euskaltzaleek Atlantiko bazterreraino eraman zuten Korrika. Miguel Lillo parkeko Pinolandia etorbidea korrika zeharkatu ondoren, hamaiketako gozoa egin zuten basoan 

Aipatu, bestalde, bi kontinenteon arteko loturak, topagune fisikoa izan zuela Gipuzkoako Tolosan [gogoratu Buenos Aires probintzian ere badela Tolosa izeneko herri bat, Martin Iraola tolosarrak 1871ean sortua]. Euskal Herriko Tolosan, "Euskal diaspora eta lagunak" taldeak Korrikaren ibilbideko 3023. kilometroa korritu zuen. Osatu ere, Euskal Herrian bizi diren Argentinako euskal etxeetako bazkide eta lagunek osatzen dute talde hau. Herrialde australeko euskal etxe askok babestu zuten ekimena, baita modu birtualean parte hartu zutenek ere, Villa Mariako Euzko Etxeak kasu, argi utziz, beste behin ere, hizkuntzari bultzada emateko orduan distantzia ez dela oztopo. Diasporatik ere, Euskal Australiar Alkarteak lekukoa eraman eta kilometro bat ibili zuen Euskal Herriko Korrikan, euskal etxe belgikar eta frantsesek egin zuten bezala.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia