Montevideo, Uruguai. Noel Abella irakasle uruguaitarrak sorturik, ‘Bikote-Praktika’ ariketa linguistikoaren bigarren edizioa ekainaren lehenengo hamabostaldian egin zen. Aurtengo nobedadea, mugikorren bidez mintzatu ziren bikoteak, ez zirela soilik Uruguaikoak (San Jose, Canelones, Maldonado eta Montevideo departamentukoak) Argentinakoak ere baizik (Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskategiko eta Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-eko taldeetakoak).
Proposamenak diasporan euskara ikasten eta irakasten dutenen behar jakin bat betetzeko asmoa du: hizkuntza erabiltzeko egoera errealak sortzea. Ariketaren dinamika oso erraza da; nahi duen ikasleak har dezake parte eta irakasleek osatzen dituzte bikoteak, ikasleen maila eta interesak kontuan izanik. Egunero bikotekide bakoitzak mezu bat bidali eta mezu bat erantzun behar ditu (egunero, beraz, gutxienez bi mezu bidaltzen dizkiote elkarri). Iradokitako gaiak eguneroko gai arruntak dira, esaterako “zelan ibili zara gaur?”, “Zer egingo duzu asteburuan?”, zaletasunak eta abar.
Iazko lehen edizioaren arrakastaren ostean, 2026an elkarte argentinarrei ere zabaldu zien gonbitea Noelek. Ikasleek –gehienak emakumeak— oso balorazio ona egin eta proposamenaren egokitasuna eta garrantzia azpimarratu zituzten. “Hasieran oso urduri nengoen, baina orain gure elkarrizketa ikusten dut eta euskara hutsean dudan lehenengo elkarrizketa da. Duela bi aste pentsaezina zen!’”, adierazi digu Uruguaiko Laurenek. Adrianaren ustez ere esperientzia bikaina izan zen: “Hasieran oso erronka handia iruditu zitzaidan eta beldur nintzen, baina mezuak trukatzen hasi ahala esperientzia aberasgarri bihurtu zen. Gauza asko nituen komunean nire ‘mintzalagunarekin’, eta horrek komunikazioa erraztu zuen. Eta oraindik ere harremanetan jarraitzen dugu!”, jakinarazi digu.
Argentinarren balantzea ere oso ona izan da, Teresa de Zavaleta irakasleak bildu eta EuskalKultura.eus-ekin partekatu duenez: “Aukera oso ona da antzeko zaletasunak dituen pertsona batekin euskaraz mintzatzeko”, “klaseetan ikasitako esamolde eta hiztegia berriro ikastera behartzen zaitu eta hori ondo dago” eta “Bikotekide, euskara eta aktibitatearekin sortutako konpromisoa” nabarmendu zuten. Rio de la Plata-ko bi ertzetako ikasle eta irakasleak oso animatuta daude eta ez dute batere baztertzen datorren urtean hirugarren edizioa antolatzeko ideia.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



