Montevideo, Uruguai. Urte bukaera ate jota dator eta Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioak udaberriko bere egutegiko ekintza nagusiak antolatu ditu azken asteotan. Beti ere euskal etxeetako kideen arteko loturak indartzeko eta parte hartze bateratua sustatzeko helburuarekin, Txikien Udalekuaren 26. edizioa egin zuen, Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxeetako haur eta gaztetxo bildurik.
FIVUren 2025eko Txikien Udalekua
Begirale eta irakasle helduen ardurapean, euskara, pintura eta dantza tailerretan aritu ziren neska-mutilak asteburuan zehar. Kirolak ere izan zuen leku berezi bat programan eta sokatira, txingak, eta zaku eta artaburu lasterketak ere prestatu zituzten antolatzaileek. Ekintzak hondartzan eta azken urte hauetan euskal Udalekuaren egoitza bihurtu den Canelones departamentuko Villa Bautista la Tuna delako kanpamentuan izan zen.
Zuzendarien Udalekua
IVUren urteroko ekintzekin jarraituz, azaroaren 20an eta 21ean izan zen zuzendarientzako eta zuzendarigaientzako Udalekua. Carmeloko Ibai Ondoko Etxea eta Montevideoko Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxeetako bazkideak elkartu ziren Villa Bautista la Tuna kanpamentuan eta Ainhoa Inthamoussuren koordinaziopean lan-mahaia modalitatean aritu ziren sormena pizteko eta irtenbide kolaboratikoak eta hobeak lortzeko estrategiak lantzen. Ekitaldiari amaiera emateko, euskal gizataldearen alde elkarteek elkarrekin egin ahal dituzten hainbat ekimen proposatu zituzten bildutakoek.
Ikasleen asteburu pasa
FIVUren babesarekin ‘Euskara Ikasleen Asteburupasa’ azaroaren 22an izan zen (aurten egun bateko topaketa izan zen) eta María Noel Abella, Laura Moreno Sasiain, Martín Zabalza eta Gabriel Arce irakasleen ardurapean, jardueren zerrenda polita burutu ahal izan zuten euskaltzale uruguaitarrek, euskaraz hutsean: euskara tailerra, eskulan tailerra, jolasak eta karaokea, eta bazkaria eta askaria, nola ez!

Eskulan tailerra
“Urtero bezala, FIVUtik egiten dugun balantzea oso ona da aurten ere bai; helburua da euskal etxeetako kideen ezagutza urtez urte zabaltzen joatea eta hurrengo urteari begira partaidetza handitzea; eta tailerrak egokitu egiten ditugu helburu horiek bete ahal izateko”, adierazi dio FIVUko ordezkaria den Mariel Fernández Artasánchezek EuskalKultura.eus-i.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


