euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Txiletar Kultur Topaketa abenduaren 6an Santiagoko Juan Pablo II Plazan, stand ugarirekin bi herrialdeetako kulturez

2025/11/28

Abenduaren 6an egingo dute Txileko Santiagon, La Granja komunan, Euskal Txiletar Kultura Topaketa
Abenduaren 6an egingo dute Txileko Santiagon, La Granja komunan, Euskal Txiletar Kultura Topaketa

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. Txileko euskal etxe eta elkarte guztiak eta euskal gizataldea oro har partaide dela antolatu dute Euskadiren (Txile, Peru eta Kolonbiako) Ordezkaritzak eta ‘Clarita de Larminat’ Elkarteak 'Encuentro Cultural Vasco Chileno' (Euskal Txiletar Kultura Topaketa) izeneko ekitaldi ireki hau. Ekintzak goizeko 10etan hasiko dira: Euskal Herri osoko dantzen ikuskizuna; dantza tailerra dantzatzen ez dakiten eta ikastera animatzen direnentzat; euskal gastronomia saioa eta poesia irakurketa elebiduna; eta baita pilota eta dantza txiletarren erakustaldiak ere.

Kultur ekitaldia abenduaren 6an egingo da, Santiago Handiko La Granja komunako Juan Pablo II.a Plazan, goizeko 10etatik arratsaldeko 03ak arte.

Urtea ixten

Txileko Euskal Gizataldea EEak, bestalde, abisua pasatu digu azaroa aktibitate handiko hilabetea izan dutela azalduz, Maite Uribe zuzendari duen euren dantza taldearentzat. Dantzariek izan dituzten bi partaidetza nahi dituzte bereziki azpimarratu: batetik, komunitate palestinarrak antolatutako jaialdia, azaroaren 22an, programa zabalekoa, kultura, artea, kirola eta ondareari lotutako ekintzekin. Testuinguru horretan, euskal dantzariek ikuskizun txalotua eskaini zuten


Txileko Euskal Dantza Taldeak Palestinako Estadioan eskainitako dantza xiberotarretako bat


‘Encuentro de Colonias’ delako jaialdian, dantzariak euskal gizataldearen ordezkari

Performance oso antzekoa taularatu zuen hori baino bi aste lehenago, azaroaren 7an, Txileko Euskal Dantza Taldeak estadio kroaziarrean egindako ‘Encuentro de Colonias’ delako jaialdian. Bertan Siria, Alemania, Espainia, Palestina eta Kroazia herrialdeetako kolektibitateetako dantza taldeek ere hartu zuten parte.

Abendurako planei begira, Txileko Euskal Gizataldea EEak, lerro hauek baliatu nahi ditu gogoratzeko bere bazkide eta adiskideei, aurten, logistika arazoak medio, Euskararen Nazioarteko Eguneko ohiko ospakizuna, urtarrilaren 18ra aldatu dutela.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia