Donostia-San Sebastian. Peter Lang nazioarteko argitaletxeak plazaratua, eskuragai dute dagoeneko ingelesezko irakurleek "Basque Women Filmmakers" liburua. Deustuko Unibertsitateko irakasle María Pilar Rodríguez editore duen lan hau 2023ko urtarrilean aurkeztu zen Euskadiko Filmategian euskaraz "Euskal emakume zinemagileak" izenburupean, eta gaztelaniaz "Cineastas vascas" tituluarekin. Oraingoan ingeles irakurleentzat moldatzearekin batera, hiru urte pasatxo joan direnez, edukia eguneratzeko baliatu dute aukera.
Liburuak euskal zinema aztertu eta emakume zinemagileek sortutako filmen bidez —genero eta formatu askotarikoetan— aurkeztea du helburu, haien proiektu artistikoen inguruko ikuspegi akademiko eskuragarria eskainiz. David Couryk eta María Pilar Rodríguezek berak itzuli dute, eta Peter Lang argitaletxearen webgunean dago erosgai. Liburua lau atal nagusitan banatuta dago: Ikuspegi globalak; Generoak, formatuak eta egokitzapenak; Ekoizpena, banaketa eta harrera; eta Hiru zinemagile.
Gainbegirada on bat
Lehenengoak (Ikuspegi globalak), euskal emakume zuzendarien film-ekoizpena lantzen du hainbat ikuspegitatik: gaiak, generoaren errepresentazioa eta haien filmen dibertsitate estetikoa eta formala. Bigarrenak (Generoak, formatuak eta moldaketak), euskal emakume dokumentalgileen begirada aztertzen du eta, halaber, Kimuak programak egindako lana; horrez gain, nazioz gaindiko ekoizpenak eta literatura-obren egokitzapen zinematografikoak ere esploratzen ditu. Hirugarrenean (Ekoizpena, distribuzioa eta harrera), elkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek egindako zinema bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emateko egindako ahaleginak biltzen dira; eta laugarrenak, berriz (Hiru emakume zinemagile), euskal zinemako hiru figura nabarmen ditu ardatz: Ana Díez, Helena Taberna eta Yannick Bellon.
Zati bakoitzean honako autore espezializatuak izan dira ekarle: Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, María Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernández de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, María Pilar Rodríguez, María José Olaziregi Alustiza, Javier Sánchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutiérrez, Elena San Julián, Pilar Martínez-Vasseur, Annabel Martín eta Luisa Etxenike.
"Aurrera goaz"
María Pilar Rodríguezek azaldu duenez, "Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako unibertsitateetan bada euskal zinemaren inguruan lanean ari den ikertzaile-talde zabal bat, ingelesez argitaratu ohi duena; liburu hau itzulita edukitzeak erraztu egingo die, dudarik gabe, bertan jasotako ekarpenak eta jakintza eskuratzeko bidea". "Liburua eguneratu dugunean, pozez egiaztatu dugu nolako aurrerapausoak egin dituzten euskal emakume zinemagileek eta nola egin duen aurrera euskal zinemagintzak berdintasunerantz azken urteotako estreinaldiei, sariei eta aintzatespenei esker. Euskal emakume zinemagileen talentua eta konstantzia erabakigarriak izan dira gure zinematografia aberasteko eta euskal zinemagintzaren ikuspegiak zabaltzeko, bai gaiei, bai alderdi estetiko eta formalei dagokienez", gaineratu du.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


