Bilbo, Bizkaia. Australiarako euskal emigrazioa ikertu eta dokumentatzen daraman lanaren baitan, Euskal Australiar Alkarteak (EAA) bukatu berria du urrian Australian euskal emigranteen seme-alaba jaio eta gurasoekin batera Euskal Herrira itzulitako euskal-australiarrak elkarrizketatzeko proiektua, esan nahi baita ahozko euren lekukotasunak jasotzea. Elkarrizketak eta katalogazioa Elkarteko buru den Esther Kortak gauzatu du, Eusko Jaurlaritza dirubabesle. Bildu eta landutako materiala Euskal Diasporaren Artxiboan geratuko da kontsultagai, Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan.
Elkarrizketatze lana 2026an zehar egin da, Bizkaian, urrian bukatu arte, Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan, eskualde biotatik joan baitzen jenderik gehien Australiara. 27 grabazio egin dira guztira, bideo edota audio formatuetan. Argazkiak eta material osagarrria ere jaso da, dokumentuak zein objektuak eta guztia erantsi zaio proiektuari. Elkarrizketetako 16 euskaraz egin dira eta beste 11 gaztelaniaz. 15 emakume eta 12 gizon elkarrizketatu dira, zaharrenak 1950ean jaioak gehienbat 1969ra artekoak, eta gazteena 1981ekoa, Ayr-en sortua.
Euskal Diasporaren Artxiboan kontsultagai
Lanaren xedeen artean aipa daitezke seme-alabenganagako eragina aztertzea euren gurasoen (bueltatutako emigranteen) gizartean, kulturan eta ekonomian integratzean eta talka globalak ezagutu eta ulertzea. Emigrante horien seme-alaben bizitzak jasotako talka kulturala, globalizazio prozesuen eta mundu bitan bizi izanaren isla dira. Bi kulturek bat egiten dutenean sortzen diren tentsio eta alde onak ulertzeko modua da; emigranteen ikuspuntutik ez ezik, gizarte hartzaileenetik ere bai. Lekukotzek belaunaldien arteko eraginak, belaunaldi berriek euren gurasoek bizi izandakoarekiko harremana eta migrazio prozesuek, ez bakarrik emigranteei, ondorengoei ere eragiten dietela ulertarazten laguntzen dute, azaldu dute ikerketaren egileek.
Badago materiala interneten entzungai jartzeko asmoa, baina ez da berehala izango. Momentuko Euskal Diasporaren Artxiboan kontsultatu ahal izango da.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


