euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxaranga Boiseko euskal txarangak, kide berriak biltzeko kanpaina bati ekin dio. Erraza da oso, baietz, anima zaitez!

2026/11/18

Jende bila dabil Boiseko Patxaranga, erraza da parte hartzea, ez da birtuosoa izan behar, bai gogoa eta konpromisoa
Jende bila dabil Boiseko Patxaranga, erraza da parte hartzea, ez da birtuosoa izan behar, bai gogoa eta konpromisoa

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Patxaranga, Boiseko euskal txaranga, kide berri bila dabil. Deialdi irekia egin du horretarako zale izan daitezkeen euskaldun eta ez euskaldunen artean eta oro har txarangek (edo fanfarre eta musika banda ibiltariek) festa eta ospakizun publikoetan duten garrantzia baloratzen duten guztiei, Euskal Herriko festetan txarangek ekartzen duten eredua Boisen ere biziarazi daitekeela sinetsita, orain arte eman dituen pausoek adierazten dutenez. Garrantzitsuena gogoa eta konpromisoa da; Patxarangak prestakuntza, entseguak eta laguntza eskainiko dizu aukeratutako instrumentuan aurrera egiten laguntzeko.

High School edo Institutuan instrumenturen bat jo zenuela, baina ordutik ez duzula ukitu ere egin? Ez kezkatu, Patxarangak lagunduko baitizu! Kontua ez da birtuosoa izatea; gainerako taldekideekin batera giro alai eta festazalea sortzeko gauza izatea baizik. Patxaranga da Estatu Batuetako euskal txaranga bakarra, eta bere helburu nagusia kideen artean ingurune aberasgarri eta dibertigarria sortzea da. Argi baitu norberak ondo pasatzen ez badu, zaila dizango dela bozkario eta alaitasun hori publikoari transmititzea.

Idatzi eta proba ezazu, ez duzu deus galtzen

Boise inguruan bizi bazara, hona Patxarangarekin bat egiteko aukera paregabea. Zer behar den? Egiari zor, erokeria puntu bat eta gogoa! Haize-instrumenturen bat (metalezkoa zein egurrezkoa) edo perkusioa jotzeko interesa baduzu, jarri harremanetan Alex Wray-rekin, alex.wray61@gmail.com helbidean. Ez duzu aurretiazko esperientziarik edo zeure instrumenturik behar; Patxarangak lagunduko dizu hasten, jotzen hasi bitartean ikas dezazun, eta partiturak ere zure mailara egokituko dizkizute. Baietz, anima zaitez eta batu Patxarangara!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia