Bilbo, Bizkaia. Iritsi da eguna. Euskal Selekzioa - Venezuela partida, azaroaren 14an, datorren larunbatean izango da, 20etan (Euskadiko ordutegia), San Mames Zelaian. Jende askorentzat kirol ospakizunetik haratago doan proposamena da eta, hasteko, partida, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuen lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko programa barruan burutuko da. Horrela aurkeztu zuten Bilbon, Iker Goñi Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak eta Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako Lehen Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak..
Goñik azpimarratu zuen Agirre lehendakariaren eta euskal futbolaren arteko lotura —Athletic-eko jokalaria izan zen Agirre 1921etik 1925era!— eta futbolaren eta 1937an euskal autogobernuaren, askatasunaren eta demokraziaren defentsan Europa eta Amerikako hainbat herrialdetan jokatu zuen lehenengo 'Euzkadiko selekzioaren' garrantzia. Bengoetxeak kirola eta identitatea nola uztartzen diren nabarmendu zuen: “Badaude laurogeita hamar minutu irauten duten partidak, eta badaude laurogeita hamar urteko historia ordezkatzen dutenak. Euskadiren eta Venezuelaren arteko neurketa horietako bat da: nor izan ginen gogoratzeko, elkartzen gaituzten loturak aitortzeko eta mundura bere nortasunaz harro dagoen Euskadi ireki eta demokratiko bat proiektatzen jarraitzeko aukera”.
Partida iragarriz EiTBk, Euskal Futbol Federazioak eta Jaurlaritzak plazaratu duten bideoa
San Mameserako sarrerak hemen eros ditzakezu. Baina fisikoki bertaratzerik ez baduzu, esaterako Diasporan bizi zarelako edo egun horretan kanpoan zaudelako, lasai euskal irrati-telebista publikoak, EiTBk, zuzenean emango baitu bere kanaletan eta online. Hainbat herrialdetan, euskal etxeek antolatu dituzte dagoeneko partida elkarrekin ikusteko hitzorduak. Aipatu al duzue aukera hori zeurean?
❤️???????? Euskal Selekzioa vs Venezuela, San Mamesetik zuzenean, larunbatean #ETB1-en eta #ETBON plataforman! #EuskalSelekzioa #Venezuela @eitbkirolak @EITBofiziala #garena https://t.co/4MytjkVq8J
— ETB (@euskaltelebista) November 9, 2026
Caracasen pilota frontoian eta futbola pantailan
Venezuelako hiriburuan, euskal gizataldeak oso hurbiletik segituko du partida, Eusko Etxeak muntatuko duen pantaila erraldoi batean. “Euskal-venezuelar komunitatearentzat ez da partida arrunt bat izango; futbol zelaian gure familien iturri izan diren bi lurrak ikusiko ditugu: gure guraso eta aitona-amonek utzi ziguten lurra eta ozeanoaren beste aldean hartu zituen lurra, euren seme-alaba eta ilobak hazi direna”, azaltzen dute emozioz Eusko Etxetik. Partidaren transmisioa 15etan hasiko da (Caracasko ordutegian).
"Bazkideak, familiak, lagunak… nahi duena etor daiteke, nahi duen kamisetaz jantzita, Euskadikoa, Venezuelakoa, edo biak. Geure euskal eta venezuelar jatorria ospatuko dugu!”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Eusko Etxeko lehendakari Ibane Azpiritxagak.

Programa bikoitza Caracasko Eusko Etxean, futbol partida pantailan eta pilota frontoian
Baina Caracasen, futbol arloko norgehiagokaren inguruko programazioa ez da bakarra izango Eusko Etxean, aurretik kirol arloko beste bat iragarrita baitzeukaten datorren larunbatean bertan, goizeko 9etatik aurrera: Eusko Etxeko Frontoiko Barne Txapelketa. Ekitaldi irekia da, eta gonbitea luzatzen zaio publiko orori pilotariei animatzera joan dadin. Egun trinkoa izango da, beraz, 15etatik aurrera pantaila aurrera bilduko baitira Eusko Etxean, Euskal Selekzioa - Venezuela partida berri honen emozioa gainezka.
- Caracasko Euskal Etxea Instagramen, centrovasco

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


