Bartzelona, Katalunia. Ikasturte berriarekin batera, Bartzelonako Euskal Irakurle Klubak 2026-27ko egitaraua jarri du abian. Zazpi saio egingo dituzte, beste hainbeste libururen irakurketaren inguruan, urritik maiatzera bitartean, hiriko bi gunetan: Euskal Etxean, bertan topaketak hilabete bakoitzeko hirugarren asteartean, arratsaldeko 6etan; eta hiriko Agustí Centelles Udal Liburutegian, hemen hilabetero laugarren asteartean, arratsaldeko 6:30etan.
Euskal Etxean, 2026-27ko egitaraua Miren Amuriza idazle eta bertsolariaren ‘Playback’ eleberriarekin hasi da, eta azaroaren 17an jarraituko du, Karmele Jaio gasteiztarraren ‘Maitasun kapitala’ lanarekin. Ondoren, urtarrilaren 19an, Katixa Agirreren ‘Berriz zentauro’ izango dute hizpide; otsailaren 17an, Mari Luz Estebanen ‘Reformes carnals’; martxoaren 16an, Unai Elorriagaren ‘Iazko hezurrak’; apirilaren 20an, Uxue Alberdiren ‘Hetero’; eta maiatzaren 18an, Jon Arretxeren ‘Zenbaki gorriak’.
Agustí Centelles liburutegian, literatur ibilbide bera egingo dute, baina beste hurrenkera batean. Lehenengo saioan Katixa Agirreren ‘Berriz zentauro’ irakurri dute, eta azaroaren 24an Mari Luz Estebanen ‘Reformes carnals’ landuko dute. Urtarrilaren 26an, Unai Elorriagaren ‘Iazko hezurrak’ jorratuko dute; otsailaren 23an, Uxue Alberdiren ‘Hetero’; martxoaren 30ean, Jon Arretxeren ‘Zenbaki gorriak’; apirilaren 27an, Miren Amurizaren ‘Playback’; eta maiatzaren 25ean, zikloari amaiera emateko Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’ aztertuko dute.
Talde bakoitzak 25-27 lagunentzako tokia du. Jon Elordi Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) irakasle eta Klubaren sortzaile eta antolatzaileetakoa denak EuskalKultura.eus-i baieztatzen dionez, “bi taldeen arteko ezberdintasun bakarra saioaren eguna eta lekua dira, baina ekintza berberaren parte dira; kudeaketa liburutegi publikoen sare berean egiten da”.
Ehundik gora liburuko ibilbidea
2009an sortu zenetik, Bartzelonako Euskal Irakurle Klubeko kideek 104 liburu irakurri eta aztertu dituztu, eta Kataluniako hiriburuan euskal literaturaren erreferente bihurtu da proposmena. “Hala ere, euskaldunak ez direnek ulertu ahal izan ditzaten katalanera edota gaztelaniara itzulita egon behar dira aukeratzen ditugun izenburuak”, azaldu dio Elordik EuskalKultura.eus-i.
Euskal Etxearekin batera, Bartzelonako Hizkuntza Eskola Ofizialeko, eta UB eta UAB unibertsitateetako irakasleak eta HABE izan ziren proiektuaren bultzatzaileak hasieran. Bartzelonako liburutegi publikoen sarearekin lankidetza hitzarmen bat egin zuten eta 2015-2016tik hona Irakurle Kluba Bartzelonako liburutegi publikoen barruan antolatzea lortu zuten, beti ere helburu berarekin: “ahal den guztietan sinergiak bilatzea euskara bultzatzen duten beste ikastetxe eta elkarteekin, Euskal Herriko eta Bartzelonako erakunde publiko eta eragileekin, etab., euskaraz sortzen den kulturari eta literaturari atzerrian hedatze-plataforma bat eskaintzeko”. Urte hauetan, Jon Elordirekin batera, Aritz Galarraga, Andrea Sanz eta Oier Ibarguren ere aritu dira taldeak dinamizatzen.
- Bartzelonako Euskal Etxea Instagramen, euskal_etxea_bcn

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


