El Retiro, Kolonbia. ‘Paperezko abenturak’ lelopean, urriaren 22tik 25era luzatu zen Kolonbiako Antioquia departamentuan, ‘El Retiro’ udaleko Liburuko Azoka. Ekitaldiaren zortzigarren edizio honetan, Euskadi eta Nafarroa izan ziren nazio gonbidatuak eta publikoa hurbuldu ahal izan zen Pirinioetako herrietako kulturara. Lagun ugari bertaratu ziren Antioquiako 'Casa Vasco Navarra'k muntatutako standera, tartean Rafael Kutz Garaizabal Euskadiren Kolonbiako ordezkaria eta Mª Isabel Toro Marulanda Ceja del Tambo udalaren ordezkaria.

Antioquiako 'Casa Vasco Navarra'ko buru den Oscar Aristizabal, Rafael Kutz Garaizabal Euskadiren Kolonbiako ordezkariarekin eta Mª Isabel Toro Marulanda Ceja del Tambo udaleko ordezkariarekin
Azokaren programa barruan burutu ziren kultur ekintzei dagokienez, historialari eta Caldasko Gure Mendietakoak Euskal Etxeko erreferente den Alejandro Ricaurtek eta José Miguel Ramírez Giraldo euskara irakasleak "Kolonbia eta Euskal Herria: loturak" izeneko hitzaldia eskaini zuten. Sara Zuluaga Correa moderatzaile, adituek Euskal Herriaren eta Kolonbiaren artean dauden hizkuntza eta kultur loturetan sakondu zituzten. Ricaurtek literaturak transmititzen dituen mitoak, estereotipos eta ‘introtipoak’ –azken kontzeptu hau Ricaurtek berak ‘Euskal ideala Antioquiako literaturan' bere liburuan proposatutakoa– aztertu zituen eta Ramírezek Antioquia eskualdean euskal migrazioak utzi zuen ondarea hartu zuen ardatz.
Historiari buruzko hitzaldien artean, José Ignacio Arbelaez Montoya ikerlariak Antioquian oraindik ere existitzen diren euskal eta nafar abizenei buruz hitz egin zuen. Arbelaez Montoyak Irungo Udalak sustatzen duen ’Serapio Múgica Beka’ irabazi zuen joan den apirilean, Iñaki Garrido Yerobirekin batera egindako "Irungo eliteen sortzea, garapena eta bilakaera: Arbelaiz, Goizueta, Bulano, Leguia, Ibargoen eta beste familia batzuk, 1522 urtea baino lehen eta gero”.
Ramón Salaberria idazleak ere bermatu zuen euskal kulturaren presentzia Azokan. Euskal Herrian jaio baina gaur egun Mexikon bizi den idazleak Luis Bernardo Yepes kolonbiarrarekin hitz egin zuen irakurmenari eta udal liburutegien errolari buruz. Eta programa osatzeko, euskal musika ere entzun zen ekitaldian, Txakolí taldearen eskutik. Taldeko musikari eta abeslariek euskal-nafar kantutegiko abesti klasikoenak taularatu zituzten.
-Antioquiako 'Casa Vasco Navarra' Instagramen, casavasconavarradeantioquia
-Gure Mendietakoak Euskal Etxea Instagramen, centrovascoantioquia

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


