Montpellier, Frantzia. Ehundik gora lagun bildu zituen Montpellier-ko Eskualdunak Euskal Etxeak joan den urriaren 4an, urteroko bere euskal jaian. Hitzordua Clapiers-en izan zen, Jean-Louis Barrault Aretoan, eta gonbidatuei harrera egin ondoren, hamaiketakoa eskaini zieten, guztia haste-hastetik dantza eta kantuekin girotuta, bertaratutakoen higidura eta partaidetza atxikiarekin. Bazkaria Aragones Traiteur-ekoek prestatu eta zerbitzatua izan zen.
Montpellier bertako lagunez gain, Frantzia hegoaldeko Marseilla, Lyon eta Bordele hirietako euskal etxeetako lagunak ere bertaratu ziren Euskal Pestara; eta baita Estatu Batuetako Bakersfieldeko Kern County Basque Clubeko kide batzuk ere. “Aukera ederra izan zen dagoeneko oso sendoak diren Frantziako pàrte honetako euskal etxeen arteko harremanak are gehiago landu eta sendotzeko”, komentatu dute Eskualdunak Euskal Etxeko lagunek.

Jaia hasi bezain laster atera ziren gonbidatuak dantza egitera

Euskal Etxeko abeslariek ere izan zuten euren zaletasuna partekatzeko aukera
Emakumeen Abarka Jaurtiketa Txapelketako bideo laburra
Gizonen Abarka Jaurtiketa Txapelketako bideo laburra
“Montpellierreko elkarte korsikarreko bi bazkidek ere egin zuten bat gurekin ospakizunean, iazko Kantu Topaketan hasitako harremanari goxoki jarraipena emanez. Izan ere, Hiriko Korsikar Elkartea eta Saint-Guilhem Abesbatza Okzitaniar antolatzaile izan dituen Kantu Topaketak bere bigarren edizioa egingo du datorren urtean”, jakinarazi digute Montpellierreko EEtik.
Beste nobedade batzuk ere ekarri zituen 2026ko Euskal Pestak. Hitzorduko musika eta animazioa hamar urtez Jean-Louis Bergara akordeoilariaren eta Beñat Chaubadindeguy bere lagun atabalariaren esku egon ostean, Thierry Etchegaray musikari lapurtarraren lana izan da aurten. Programa barruan, musika eta dantzez gain, "Agour gazta baten pisaketa asmatzeko lehiaketa eta Abarka Jaurtiketaren bigarren Txapelketa egin genituen”. “Festa ederra izan zen, eta eguraldi kaskarra egin bazuen ere, primeran atera zen, lagun artean eta giro bikainean”, bukatu dute.
- Montpellierreko Euskal Etxea Instagramen, eskualdunak34
- Montpellierreko Euskal Etxearen webgunea, hemen.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


