Montpellier, Frantzia. Eskualdunak - Basques de Montpellier Euskal Etxeak ‘Urteroko Euskal Besta’ko programa zabaldu du azken egunotan. Jaialdia urriaren 4an izango da goizeko 11etatik aurrera Montpellier handiko Clapiers herriko Jean-Louis Barrault Aretoan (Paraguay kalea 1). Gonbidatuei harrera egin ondoren, aperitifari ekingo diote, hasieratik musika, dantza eta kantuekin girotuta. Guztientzako jai eguna denez, bazkaria enpresa gastronomiko batek, Aragones Traiteur-ek, prestatu eta zerbitzatuko du.
Jaiaren animazio alorrean, euskal kantu eta dantzen musika-euskarri izateko lana Thierry Etchegaray soinujotzaile baionarraren ardura izango da. Izan ere, haste-hastetik, ohi duenez, euskal molde tradizionaleko festa izango da Clapìers-ekoa, kantuak eta dantza gauza inprobisatua, eta ia etengabea izangop baitira, Etchegarayren musika lagun. Bestela ere, antolatzaileek zuriz eta gorriz jantzita edo kolore horietako osagarriekin joatera animatu dute, ‘tradizioak agintzen duen bezala!’ azpimarratuz.
‘Hiruak Bat’ buletinaren 14. zenbakia
Euren Urteroko Euskal Bestara joateko gonbitea luzatzeaz gain, Montpellier-eko Euskal Etxeak, Lyongo eta Marseillakoekin batera, gogorarazi nahi dute kalean dela dagoeneko Frantzia hegoekialdeko euren euskal etxeek elkarrekin ateratzen duten 'Hiruak Bat' buletin digitalaren 14. zenbakia. Iraileko zenbakiak azken lau hilabeteetan hiru elkarteek elkarrekin edo banaka antolatu zituzten ekintzen berri biltzeaz gain, euskal kulturarekin lotura duten hainbat artikulu ere badakartza.
Horietarik dira ‘Bixkotxa eta krakada, récits et recettes sucrées à Hélette’ liburuaren historia; Mikel Laboaren ‘Txoria Txori’ kantuarena; eta Faisaiaren Irlari buruzko txosten bat. Maiatzean Eusko Jaurlaritzak onartutako sei euskal etxe berrien onespenaren karietara —tartean Lyoneko Euskal Etxea eta Denak Bat Toulousekoa— munduko euskal etxeen jatorriari eta gaur egungo egoerari buruzko hausnarketa bat ere proposatzen du aldizkari digitalak. Erreportajean, indarrean dauden munduko euskal etxe zaharrenak aipatzen ditu, aiptuz, nola ez, 2027an 150 urte beteko dituen Buenos Airesko Laurak Bat.
Gogora dezagun Hiruak Bat buletinak honako lantaldea daukala egile: Txomin Bernard, Romain Kukla, Xantal Lamarque, Jacques Lesca, Isabelle Mendy eta Fernando Zabalza; eurengana zuzentzeko emaila, hiruakbat@marseillako-euskaletxea.com.
- Hiruak Bat buletina hemen irakur daiteke.
- Montpellierko Euskal Etxea
- Lyoneko Euskal Etxea
- Marseillako Euskal Etxea

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


