Tres Arroyos, Argentina. Hiru Erreka Euskal Etxeak presentzia nabarmena izan du beste behin Tres Arroyosko kultura eta gastronomia hitzordu nagusietako bat den Atzerriko Gizataldeen Azokan. Iraileko lehen asteburuan El Fanalen egindako 47. edizioak jendetza bildu zuen aukera paregabea eskainiz ehunka bisitariei euskal tradizioen lagin bat gertutik ezagutzeko, dantzak, sukaldaritza tradizionala eta genealogia erakuslehio. Josefina Etcheto dantzaria izan zen euskal banderaduna agintarien aurrean Udaletxean gainerako bederatzi kolektibitateen ordezkariak lagun egindako ekitaldian. Eguraldiak behartuta aurten eraikinaren barnean egin behar izan zen.
Larunbatean, hilaren 5ean, bertako artisten emanaldien txanda izan zen, eta igande arratsaldean iritsi zen gizataldeena, agertokian berrehun dantzari baino gehiago bildurik. Hiru Errekako dantzariek ikusleen txalo zaparrada jaso zuten, maisuki dantzatu eta taularatu baitzituzten Zahagi dantza, Kaxarranka, Kaskarot eta Donostiako Martxa. Amaieran, gainera, agertokitik Kalejiran jaitsi eta eta bizitasuna eta partaidetza bultzatuz bidean ikusleak ere batzera animatu zituzten.
Egoitzaren eraikuntzan aurrera egitea
Dantzen gaiari jarraiki, Euskal Etxeko postuak euskal kostaldeko itxura hartu zuen apainketan. Larunbat osoan eta igandean, sukaldariek, muslariek eta dantzari txikien gurasoek elkarlan estuan jardun zuten txistorra, euskal odolki, patata-tortila, pintxo barietate, urdaiazpiko eta euskal pastela zerbitzatzen. Horrez gain, postuaren beste txoko batean, euskal abizenen liburuak ikusgai jarri zituzten, eta horrek bisitarien arreta erakarri zuen, askok beren sustraiak arakatzeko aukera baliatu baitzuten.
“Oso balorazio positiboa egiten dugu; hotzari aurre egin behar izan arren, herritarren erantzuna ederra izan zen eta postuaren salmentak paregabe joan ziren. Eta hori funtsezkoa baino, ezinbestekoa dugu gure egoitza eraikitzen aurrera egin ahal izateko”, nabarmendu dio Hiru Errekako zuzendaritzako kide den Myrian Hojbjerg Izurietak EuskalKultura.eus-i, zalantzarik gabe euskal kolektibitateak Buenos Aires probintziako herri honetan duen errotzea berretsi duten jardunaldi hauen ostean.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


