Bilbo, Bizkaia. Fair Saturday Fundazio bilbotarra antolatzaile, ‘Ura Bere Bidean’ musika jaialdi erraldoiak belaunaldi, estilo eta ibilbide desberdinetako euskal artista ospetsuak biltzen ditu urtero Bilbo-Barakaldoko Bizkaia Arena (BEC) aretoan, proposamen polit batekin: euskal musika-ondareko abesti enblematikoenen moldaketa sinfonikoez taularatzea, Fernando Velázquez konpositore eta zuzendari getxoztarra euren egile, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa lagun. Aurtengo edizioa urriaren 22an, 23an eta 24an izango da, oholtza gainean honako musikari eta musika taldeak partaide: Mirua, Maruxak, Tatta, Merina Gris, Dupla, Olaia Inziarte, Hofe, Bengo, Sara Zozaya, Judith Neddermann, Shinova, En Tol Sarmiento (ETS), The Uskis, Lendakaris Muertos, Betizu Taldea, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Betagarri, Alaitz eta Maider, Pasión Vega, Xabi Solano, Deabru Beltzak, Doctor Deseo, Evaristo, Niko Etxart, Joselu Anaiak, Gontzal Mendibil eta Pantxoa eta Peio.
Hiru kontzertuetan gonbidatu bereziak eta beste hainbat sorpresa egongo dira eta publikoari begira ere nobedade handi bat. 2026ko ‘Ura Bere Bidean’ Diasporan ikusi ahal izango da. Dagoeneko munduko bost herrialdetako 16 euskal etxek erantzun diote Fair Saturday Fundazioak egindako gonbiteari (geratzen diren egunetan beste batzuk gehitzea espero da) eta larunbat honetan, urriaren 24an, YouTuberez, euskal etxeentzat mugatutako sarbide batekin ikusi ahal izango dute emanaldia. Baina zure euskal etxea horien artean ez badago, garaiz zaude(te) oraindik izena eman eta beherago adierazten dugun emailera idatzi eta zeuok ere ekimen honetara biltzeko. “Kontzertua urrutitik jarraitu ahal izango da, bai, baina hori baino gehiago gure benetako asmoa aitzaki eder bat ematea izan da munduko euskal etxeetako jendea elkarrekin pantaila baten aurrera bildu eta komunitatea eu inguruan skal musikarienelkartzeko, kultura-esperientzia paregabea partekatzeko eta barrutik ikuskizunaren parte sentitzeko”, esan dute antolatzaileek.
Teknologia medio, hona ‘Ura Bere Bidean’ errezitala oraingoz ikusiko duten euskal etxeen zerrenda:
Argentinan
- Coronel Pringlesko Eusko Biltzar
- Paranáko Urrundik
- Neuquengo Baskos de la Confluencia
- Villa Maríako Euzko Etxea
- Buenos Airesko Euskaltzaleak
- Mar del Platako Denak Bat
- Trelewko Haraneko Euskal Etxea
- Cordobako Gerora
- Rosarioko Emakume Abertzale Batza
- Viedma-Patagonesko Aberri Etxea
Brasilen
- Eusko Brasildar Etxea
Frantzian
- Bordaleko Euskal Etxea
Perun
- Trujilloko Euskal Etxea
Uruguain
- Montevideoko Euskal Erria
- Montevideoko Euskaro Etxea
- Saltoko Euskaldunen Taldea EEa
Antolatzaileek EuskalKultura.eus-i jakinarazi diotenez, larunbateko transmisioa baino lehen, ostiralean proba bat egingo dute, konexioa eta ikus-entzunezkoak ondo dabiltzala egiaztatzearren. “Poz-pozik gaude euskal etxeen aldetik jaso dugun erantzunarekin” esan digute elkarte bilbotarretik. “Eta beste euskal etxeren batek parte hartu nahi badu, jar dadila gurekin harremanetan lehenbailehen, sarbidea garaiz prestatu ahal izateko. Horretarako, YouTuben sartzeko erabiliko duten Google kontuaren helbide elektronikoa baino ez dugu behar”.
Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko sara@fairsaturday.org helbidea.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



