Boise, Idaho, AEB. "Euskaldunik Hemen Bada?" proiektu eta erakusketa Eusko Jaurlaritza (Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako Idazkaritza Nagusia), Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxea eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Euskal Liburutegia lankide dituen ekimena da. Bere izenak Valentín Aguirre New Yorkeko euskal ostatu-nagusiaren seme eta langileek portuan, itsasontziak iristean, euskal emigranteei harrera egiteko oihukatzen zuten garrasiari egiten dio erreferentzia. AEBeko euskal emigrazioari buruzko erakusketa handi hau 8 atal elkarlotuk osatuko dute, barne direla ahozko istorioak, euskal artzainek zuhaitzetan utzitako marrak, aztarna historikoak (egunkari zaharrak, gutunak), eta abizenei eta migrazio-mapei buruzko baliabide interaktiboak. 2027ko maiatzaren 29tik irailaren 12ra egongo da zabalik Ellis Islanden. Antolakuntzak urriaren 23ra arte dauka zabalik artista edo diseinatzaileentzako deialdi bat, erakusketaren identitate bisuala sortzearren; euskaldunek AEBn izandako 500 urtetik gorako presentzia kontatuko duena, egungo euskal komunitateak barne.
Hautatutako diseinatzaileak euskal kulturaren eta emigrazioaren funts intimo, historiko eta alai hori jasotzen duen sistema bisual sakona garatu beharko du. Aurkezleak ez du nahitaez euskal jatorrikoa izan behar. Aurkeztu beharko ditu besteak beste aurkezpen-gutun labur bat (orrialde erdi bat); aurreko lanen 3 edo 5 lagin dituen portfolio bat; proiektu honetarako proposamen baten lagin preliminarra (logo ideia, koloreak edo tipografia); proposamen ekonomiko bat, hirugarrenen lizentzien kostuak barne (letra-tipoak, stock irudiak) eta gehienez bi berrikuste-erronda kontuan hartuta; sistema bisuala, kolore-paleta, tipografia, testurak eta estilo ilustratibo edo fotografikoarekin; estilo-gidak; maketak (aplikazio-bi adibide, adibidez izenburuko horma eta panel interpretatiboa); eta iturburu-fitxategiak (editagarriak eta produkziorako prest, AI, SVG, PDF, etab.). Azken lanaren eskubideak antolakuntzaren esku geratuko dira.
Proposamenak aurkezteko epea datorren ostiralean, urriak 23, amaituko da. Artista hautatua urriaren 30ean jakinaraziko da eta proiektua azaroaren 2an hasiko du, azken ematea 2026ko abenduaren 3an. Proposamenak posta elektronikoz bidali behar dira amayah@basquemuseum.eus helbidera, "Euskaldunik Hemen Bada - Artist Submission" gaiarekin.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



