Santiago, Txile. UNESCOk 1960an ezarritako data ofiziala abuztuaren 22a bada ere, 2.000 artista baino gehiago bildu ziren Santiagon Folklorearen Nazioarteko Eguneko kale ikuskizunean, joan den urriaren 3an, Txileko hiriburuan. Jaialdiaren 15. edizioan Txileko hainbat eskualdetako kultur taldeek ez ezik, Peruko, Brasilgo, Kolonbiako, Venezuelako, Errusiako eta Euskal Herriko gizataldeek ere hartu zuten parte. Euskal ordezkaritza ‘Hilario Olazaran Txileko Dantza, Antzerki eta Txistu Taldearen’ ardura izan zen.
Euskal kulturaren adierazpen tradizionalak erakusteko helburuarekin, ‘Hilario Olazaran Txile’ taldeko kideek Ángel Espinoza Cáceresek idatzitako ‘Mari jainkosaren ametsa’ istorioa antzeztu zuten jaialdian. Testuaren protagonista Momotxorro da, Nafarroako Altsasuko inauterietako pertsonaia nagusia, eta desfilean, taldeko artistek ohiko jantziak soinean eramateaz gain, akordeoi, alboka, txistu eta danbolinaren musikarekin lagundu zuten ‘Momotxorro’ren emanaldia.
Kalea testuinguru onena
"Folklorearen Nazioarteko Eguna herrialdeko kultur ekitaldirik garrantzitsuena eta jendetsuena da; gu fundatzaileetakoak gara, eta gainera, parte hartu zuen atzerriko lehen gizataldea izan ginen", azaldu diote ‘Hilario Olazaran Txile’ taldeko kideek Euskalkultura.eus-i. "Guretzat, kaleak eta plazak dira Txileko euskal etxerik handiena; bertan bizi da gure kultura, aire librean, ez lau hormaren artean itxita”, adierazi dute taldekideek.
Hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea duen ‘Hilario Olazaran Txile’ taldea kultur elkarte independentea da. Txistu, danbolin eta alboka ikasteko eskolak eskaintzen ditu Txilen eta Hego Amerikan, aurrez aurre zein online, eta herrialdeko euskal diasporaren jardueretan parte hartzen du; orain, gaixo eta ingresatuta dauden haurrei abenduan egingo dieten bisita ari da prestatzen.
- 'Hilario Olazaran Txile' taldea, Instagramen, hilario.olazaran.txile

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



