euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Hilario Olazaran’ Txistu Taldea euskal ordezkari 2021eko Folklorearen Nazioarteko Eguneko Txileko ospakizunetan

2021/09/21

Folklorearen Eguneko ospakizuna birtuala izan da aurten. Ikus beherago Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldearen bideoa
Folklorearen Eguneko ospakizuna birtuala izan da aurten. Ikus beherago Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldearen bideoa

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. Zortzigarren urtez jarraian izan da "Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea" Euskal Herriko musika eta dantzaren ordezkari Txileko 'Antumapu' Ballet Folkloriko Nazionalak antolatutako ekitaldian. Osasun egoera dela eta, 2021eko Folklorearen Nazioarteko Eguna ospakizun birtual batekin gauzatu zen abuztuaren 22an eta euskal taldeak bideo bat prestatu zuen programa birtualeko parte izateko.

Taldeko sortzaile eta erreferente Ángel Espinoza Cáceres-ek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “bideoan (ikus beherago) Taldearen historia azaltzen dugu, hasiera-hasieratik, Txileko Bosgarren Eskualdeko neska-mutilek baino ez zutenean osatzen. Urte hauetako garapena ere bildu dugu, argazki, afixa eta bideo labur batzuekin”, jakinarazi du.

"Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea"k prestatutako bideoan euskal-txiletar musikarien urteroko bi hitzordu jendetsuren irudiak ere agertzen dira, hala nola Aberri Eguneko eta ‘Senidetasun Eguna’ jaietakoak. Azken honetan ordezkari maputxeek, eskoziarrek, kataluniarrek, irlandarrek, txekiarrek, palestinarrek eta baita txiletarrek ere hartzen dute parte.


[Bideoa 'Hilario Olazaran' Taldearen 2021eko Folklorearen Eguneko partaidetzarekin]

Hego Amerikako beste herrialde batzuetan gertatzen ari den bezala, pandemiak gogor jo duen aukera honetan Txile ere ari da bizitzen trantsizioa eta kultur ekitaldi batzuk birtualak segitzen duten bitartean, beste batzuk –publikoaren eta artisten bozkario– aurrez aurre egiten dira, beti ere protokoloei jarraituz.

‘Normaltasun'erako buelta honetan, "Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea"k emanaldi bat eskaini zuen irailaren 4an, Txileko Bosgarren Eskualdeko El Taboko Udalak antolatutako Erdi Aroko Azokan. Irailaren 8an eta 9an, berriz, Espinoza Cáceres-ek bakarlari moduan jo zuen alboka Pandemus Erdi Aroko Azokan, Santiagon.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia