Mexiko Hiria, Mexiko. ‘Jamädi lagun’ (mila esker, lagun) ekitaldi gastronomikoaren lehenengo edizioa —Mexikoko Mondragon Unibertsitateko Sukaldaritza Artea eta Gastronomia Kudeatzeko Lizentziaturak eta Mexiko Hiriko Euskal Etxeak elkarlanean antolatzaile— joan den ostegunean, urriaren 15ean, egin da hiriburu mexikarrean. Euskal Herriko eta Querétaro-ko sukaldaritzak batzeko xedea duen proposamena Euskal Etxearen egoitzan egin zen eta lizentziaturako hamasei ikaslek hartu zuten menua diseinatu, prestatu eta zerbitzatzeko ardura. Menua bi herrialdeotako osagaiak uztartzen zituzten pintxo selekzio bat izan zuen osagai.
“Euskal Etxearen aspaldiko asmoa zen Mexikoko Mondragon Unbertsitatearekin batera bi elkarteon lana sustatuko duen proiektu bat bideratzea. Sukaldaritza, elkartzeko puntu ona da eta gainera aukera ederra ematen die ikasleei benetako proiektu batean jardun eta praktika profesionala egiteko. Bi kulturen arteko lotura menuan ez ezik, ekitaldiaren izenak ere hala islatzen du. Izan ere ‘Jamädi’ hitzak ‘eskerrik asko’ esan nahi du Querétaro estatuko otomi hizkuntza prehispanikoan, eta ‘lagun’, dakigun bezala, euskarazko hitza da”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Mexikoko Euskal Etxeko lehendakariordea den Marta Cantabranak.

Ekitaldiko ardura izan zuen Mexikoko Mondragon Unibertsitateko sukaldaritza ikasle taldea

'Jamädi Lagun' ekimenaren lehenengo edizioan zerbitzatu ziren pintxoak

Euskal Etxeko 50 bat lagun bertaratu ziren bi kulturen bilgarri izan zen ekitaldira

Mexikoko Euskal Etxeko lagunak Unibertsitateko kide, ikasle eta irakasleekin
'Jamädi lagun' ekitaldian, Euskal Etxeko ordezkariez gain, Patricia Lázaro, Mondragon Unibertsitateak Mexikon duen errektoreordea ere partaide izan zen, bere unibertsitateko irakaslez osatutako talde batek lagunduta. Jateko eskaintza gastronomikoaz gain, zerbitzatutako ardoen artean Querétaroko ardo-industriaren klusterrak eskainitako ardoak ere egon ziren dastagai, eta egitarauak flauta barrokoa emanaldi bat barne hartu zuen.
“Euskal Etxeak eta Unibertsitateak elkarlanean abiatutako proiektuak beste helburu bat ere badu, Euskal Etxeak gure ustez zer izan behar duen erakutsi nahi izan baitugu, euskal tradizioak babesten dituen toki bat, baina aldi berean toki ireki bat, non belaunaldi berriak hurbil daitezke ohitura horiek ezagutzeko eta euskal kultura hemen bertako kulturarekin nahasi eta aberastuz”, adierazi digu Cantabranak. Iragarri ere egin digu lehendakariordeak ‘Jamädi lagun’ datozen urteetan errepikatuko dela.
- Mexiko Hiriko Euskal Etxea Facebooken, Centro Vasco Euskal Etxea México

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


