euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2026ko Munduko Kopa: erakusketa eta hitzaldiak Mexiko Hirian eta Torreón, Coahuilan euskaldunak eta futbolaz

2026/06/16

Arocena Museoko arduradunak eta Athletic-eko Bibiane Schultze (bigarrena eskumatik) "Mexiko eta Bilbo artean, futbol istorio partekatuak" erakustaldia inauguratzen (argazkiak Arocena Museoa)
Arocena Museoko arduradunak eta Athletic-eko Bibiane Schultze (bigarrena eskumatik) "Mexiko eta Bilbo artean, futbol istorio partekatuak" erakustaldia inauguratzen (argazkiak Arocena Museoa)

PUBLIZITATEA

Mexiko hiria, Mexiko. 2026ko Munduko Futbol Txapelketa ekainaren 11n hasi zen, Kanada, Estatu Batuak eta Mexiko antolatzaile. Nazioarteko lehiaketa erraldoi honen inguruan mota askotako ekintzak burutzen ari dira Ipar Amerika osoan, tartean Bizkaiko Athletic Club-ek, Mexiko Hiriko Vizcaínas Eskolak eta Torreón-eko Arocena Museoak elkarlanean inauguratu duten ‘‘Mexiko eta Bilbo artean, futbol istorio partekatuak’ erakustaldia. Mexiko eta Euskal Herriaren arteko futbol-loturak ezagutarazteko helburu duen proposamena bi hiritan ari da gauzatzeni: Mexiko Hirian eta Torreón-en.

Berrehundik gora argazki eta dokumentu historiko biltzen dituen erakusketa da, ekitaldi honetarako Athletic-ek propio utziak, eta bi lurraldeen arteko dauden kirol, migrazio eta truke lotura ugariak islatzen ditu. Erakustaldiarekin batera, programa akademiko bat ere antolatu dute. Lehenengo hitzaldia  Mariann Váczi-ren “Identitatea eta diaspora. Euskal futbol kultura Atlantikoaren bi aldeetan”, atzo eskaini zen. Programa gaur eta bihar ere izango ditu ekitaldiak eta Arocena Museoaren Facebook eta Youtube kontuetan online ere segitu ahal izango da, egun eta ordutegi hauetan (Mexikoko ordutegian):

Ekainaren 16an, asteartea (gaur), 11etan: “Euskadin jaio eta Mexikoko futbol zelaietan golak sartu” (Efrain Navarro Granados)
Ekainaren 17an, asteazkena, 11etan: “Futbol baloia Comarca Lagunera-n. Ikuskizuna eta profesionaltasuna bertako futbolean” (Alejandro Vázquez Hernández, Javier Recéndiz de la Mora)
Ekainaren 17an, asteazkena, 12:30ean: “Historia partekatutako iturriak. Artxiboak, futbola eta euskal gizataldea La Laguna-n” (Cinthia Gaspar Montero, Mariana Ramírez Estrada, Sergio Garza Orellana).

Inaugurazioa Mexiko Hirian

Mexiko Hirian, Vizcaínas Eskolan egin zen inaugurazioa, joan den ostiralean, Mexikoko Euskadiren Ordezkaria, Athletic Klubeko emakumeen taldeko Bibiane Schulze, Mexikoko  Athletic-eko lagunarteko kideak eta Mexikoko erakunde antolatzaileetako ordezkariak lagun. Inaugurazio bi zatitan gauzatu zen. Alde batetik, Gerra Zibilaren garaian, 1937ko Euzkadi taldeak Mexikon egindako biraren irudiak biltzen dituen bideo-omenaldi bat proiektatu zuten (ikus beherago). Bestetik, Schulze-k ehun eskola ikasle neska-mutilekin hitz egin zuen, hamaika galdera erantzun, kamisetak sinatu eta hainbat argazki eginez gazteekin.


Inaugurazioan proiektatutako bideoa

Mintzaldian, 1937ko Euzkadi talde hartako Isidro Lángara, Angel Zubieta, Emilín Alonso eta José "Txato" Iraragorri Argentinako mito nola bihurtu ziren ere aipatu zuten.

Inaugurazioa Coahuilako Torreón-en

Ekainaren 14an egin zen, aldiz, 'Entre México y Bilbao. Historias compartidas de fútbol' erakustaldiaren inaugurazioa Torreón-eko Arocena Museoan. Museoko arduradunek eta herriko agintariek izan zuten inaugurazioa burutzeko ardura, hemen ere Bibiana Schultze futbolaria lagun. 


Publiko ugari hurbildu zen Museora erakusketa ikustera eta 'Bibi'ri autografoak eskatzera  

Erakustaldia uztailaren 8ra arte egongo da irekita publiko orori. Panelak Museoko Peñales Plazan daude eta ekainaren 20an eta 27an bisita gidatuak egingo dira. Bisitak doakoak dira eta ez da aldez aurretik erregistratu behar. Gomendatutako adin minimoa, 8 urte.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia