Donostia-San Sebastian. Erritmo bizian jarraitzen du Euskal Herrian martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) abian jarri zen Korrikaren 24. edizioak. Helmuga Bilbo da eta bertara iritsiko da lekukoa datorren igandean, martxoaren 29an, eguerdia pasata. Baina egun hauetan Europako Euskal Herrian bizitzen ari dena ez da Korrika bakarra. Izan ere, mundu osoan sakabanatuta dauden euskaldunek, Diasporako Euskal Herriak, bat egin du, ohi duen moduan, euskararen aldeko lasterraldi herrikoi honekin eta ‘tipi-tapa’ animo hitzak, 'hemen ere euskararen alde', Europako, Amerikako eta Asia-Ozeaniako hainbat hiri eta herritan entzun dira martxo osoan eta segituko dira entzuten datozen egunetan ere. Diasporako hainbat jende ez baita Euskal Herrikoa baino ahulagoa bere euskararekiko lotura eta konpromisoari lotu eta plazara ateratzerakoan.
Euskal Herritik kanpo, eta elkarte antolatzaileen ekintzen egutegietara egokituz, Euskal Herriko Korrika ofiziala hasi aurretik hasi dira egiten Korrika zatiak munduan. Pariskoa izan zen lehena eta ondoren Bruselako eta Bordeleko Euskal Etxeenak burutu ziren. Belgikako hiriburuko euskaldunen aldarria oso ozen entzun zen martxoaren 14an. Egun berean atera ziren Bordeleko Euskal Etxeko lagunak, ‘Bordelen ere euskararen alde’ kantari. Baina diasporako hitzordu gehienak martxoaren 19tik aurrera izan ziren, tartean Cancun (Mexiko) maya hizkuntzaren aldean ospatu zuten laugarren Korrika. Ekitaldiak Maya Herria eta Komunitate Indigenen Garapen Institutuaren babesa izan zuen. Caracasko Eusko Etxeak, berriz, lehen aldiz ospatu du aurten Korrika eta egun ederra pasa zuten Ekialdeko Parkean.

24. Korrika Bruselako kaleetan, BEE Bruselako Euskal Etxea eta BG Bruselako Gaztea antolatzaile

Bordelen, 'Euskara gara' leloak Euskal Etxeko kideak eta hirian ikasle diren euskaldunak batu zituen

Aurreko edizioetan bezala, euskararen eta maya hizkuntzaren alde egin zuten Korrika Cancunen

Caracasko lehen Korrika erabat arrakastatsua izan zen
Hego Amerikako Euskal Etxeak ere izan ziren Korrikaren bultzatzaileak eta Montevideotik martxoaren 22an pasatu da 24. Korrika, FIVUk antolatuta. Kostalde batetik beste kostaldera, Viña del Mar-eko eta Valparaisoko euskal komunitateak biltzen dituen Euskal Etxeak ere egin zuen bere Korrika martxoaren 22an.

Martxa eta dantzak Montevideoko Korrikan

Korrikari ekin aurretik Marina etorbideko 'Reloj de Flores'n bildu ziren euskal txiletarrak argazkia egiteko. Ibilbidea, berriz, Alberto Garraguibelen monumentuan bukatu zen
Europara berriro itzuliz, eta edizio guztietan bezala, Madrilgo eta Bartzelonako euskaldunek jai ederrak antolatu zituzten Korrikarekin bat egiteko. Madrilen egun osoko programa antolatu zuen Euskal Etxeak, eta Korrika ez ezik, dantzak, kantak eta kultur ekintzak ere egin zituzten Madrilgo kaleetan. UCMko Euskal Ikasten Sailak eta HEOko Euskara Departamentuak Korrikaren aurreko ekintzak egiteko deitu zuten. Alfontso XIII.aren estatuaren ondoan bildu ziren euskara ikasle, ikasle ohiak eta irakasleak eta poemak irakurri, musika jo eta dantza egin zuten.

Jende ugari Madrilgo kaleetan

UCM eta HEO ere partaide
Bartzelonan ere entzunarazi egin zen Korrika hiriko kaleetan. Lasterketa bukatu ondoren, herri bazkaria eta bazkaloste musikatua izan zuten euskal kataluniarrek.

Bartzelonako euskaldunek eta euskararen lagunek ibilbide luzea egin zuten korrika
Berlingo korrikalariak ere atera ziren, beren kasuan Moritzplatz-tik Milchbar-era. Janariak eta musikak ere nagusitu zuten ospakizunean. Eta Dublinen 200 pertsonak egin zuten Korrika euskararen eta hizkuntza gaelikoaren alde.

24. Korrika Berlingo kaleetan

Dublingo Korrika ere izan zen oso jendetsua
Tokiora ere iritsi zen 24. Korrika, 25 lagun partaide. Ibilbidea, petoeak, pik-nika eta hainbat kantu Argineren txistuaren erritmora.

Tokioko Korrika Yoyogi Parkean
Esan bezala, igande honetan iritsiko da helmugara aurtengo Korrika eta Diasporan ere egingo dira azken Korrika txikiak asteburu honentan. Argentinakoak eta asteburu honetan ospatuko direnak beste artikulu batean emango ditugu.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


