Buenos Aires, Argentina. Hasi da atzera kontaketa. Korrikaren 24. edizioa ate joka dugu eta martxoaren 19tik 29ra lekukoak Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatuko ditu, gelditu gabe, gau eta egun eta, Euskal Herrian ez ezik, oihartzuna diasporaraino ere zabalduko da. Karia horretara, AEK-k eta Etxepare Euskal Institutuak bideo laburren lehiaketa jarri dute martxan, munduko euskal etxeak animatzeko eta euskara nazioartean ikusarazteko. Adi, ordea, epea gainean baitugu: bideoak bidaltzeko azken eguna otsailaren 18a da, asteazkena.
Parte hartzea erraza da oso. Gehienez 20 segundoko bideo bat grabatu behar da, eta bertan nork bere hiriko txoko bat erakutsiz esaldi bat behar du esan euskaraz. Esaldian datu hauek ere behar dira aipatu: partaide(ar)en herri edo hiria, Etxepare Euskal Institutua, Korrika eta aurtengo leloa, "Euskara gara" (euskaraz edota tokian tokiko hizkuntzan). Adibidez: “Kaixo Corketik! Etxepare Euskal Institutuko ikasleak gara. Gora Korrika! Euskara gara!”. Jasotako bideoak otsailaren 21ean igoko dituzte AEK-ren YouTubeko kanalera, eta orduan hasiko da bozketa. Martxoaren 3ko goizeko 10ak arte (GMT+1) eman ahalko dira "atsegin dut" botoak.
Irabazlearen izena martxoaren 4an jakinaraziko da Etxepare Institutuaren webgunean, eta bi sari hauetako bat hautatu beharko du: AEK-ren online barnetegi bat bi lagunentzat, edo merchandisinga eta liburu sorta ederra. Talde-lanen kasuan, taldeak erabaki beharko du nor arituko den barnetegian edo non jaso nahi duten opari-sorta. Aukera paregabea da euskal etxe eta irakurletzentzat euskarekiko konpromisoa era fresko eta sortzaile batean erakusteko.
Bideoak euskaramunduan@etxepare.eus helbidera bidali behar dira (Irakurletzetako ikasleen kasuan irakurletzak@etxepare.eus helbidera). Giroa berotzeko, egileek hasiera-hasieratik zabaldu ditzakete bideoak sareetan. Gainera, euren Facebook edo Instagram Stories-en Etxepare aipatzen dutenek, Institutuak ere lan horiek zabalduko ditu bere kanal ofizialetan.
- Lehiaketaren oinarriak hemen deskargatu daitezke.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


