euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Begiak azaroko Argentinar Nafar Etxeen 2026ko Topaketara so, Bolivar-ko Nafarroako Etxeak bere 72 urteak ospatu ditu

2026/02/09

Goian, ezk. esk., Topa egin zen elkartearen 72 urte eta Nafar Etxeen 12. Topaketaren arrakastaren alde, Mariana Sardon dantzan Walter D 'Aloia Criado kontsulordearekin, Nafar Etxeko dantza talde eta Raíces Navarras koruaren emanaldiak
Goian, ezk. esk., Topa egin zen elkartearen 72 urte eta Nafar Etxeen 12. Topaketaren arrakastaren alde, Mariana Sardon dantzan Walter D 'Aloia Criado kontsulordearekin, Nafar Etxeko dantza talde eta Raíces Navarras koruaren emanaldiak

PUBLIZITATEA

Bolívar, Argentina. Bolívar-ko Nafarroako Etxeak udako egutegian berrikuntzak eginez ekin dio 2026ari. Urtarrileko atsedenaldia eten, eta duela 72 urte elkartea sortu zen egunean bertan, urtarrilaren 31an, ehun bat kide eta lagun bildu zituen urteurrena ospatzeko. Musika eta dantza izan ziren gaueko protagonista: Luisina Teruelen eskutik, dantzari taldeak kolorea eman zion festari Arin-arin eta Paloteado dantzekin. "Raíces Navarras" koruak, berriz, Sandra Santos zuzendari, ahotsa jarri zien kantutegiko klasikoei, "Pamplona, perla del norte" eta "Clavelitos" bezalako kantuekin. Ekitaldian Espainiako kontsulorde Walter D’Aloia Criado ere izan zen.

Nafar Etxeen Topaketako anfitrioia

Oporretako atsedenaldiagatik lagun asko faltako zirela jakin bazekiten ere, festa urtarrilaren amaieran egiteko erabakia hartu izana, atzerapenik onartzen ez duen agenda instituzional bati dagokio. Izan ere, Bolivar izango da datorren azaroan Argentinako Nafarroako Etxeen 2026ko Topaketaren anfitrioia. "Urte mugitua dugu aurretik, eta horregatik erabaki genuen urteurreneko jaia ez atzeratzea, egin ohi dugun bezala. Aurten denbora irabazi nahi dugu datozen konpromisoei aurre egiteko", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Nafar Etxeko lehendakari Mariana Sardonek, urteurren honen izaera sinbolikoa azpimarratuz.

Argentinako Nafarroako Etxeen 12. Topaketa azaroaren 27, 28 eta 29an izango da Bolivarren. Hiru egun horietan zehar, kultur ekintzak, aisialdiko jarduerak, bilera instituzionalak eta inguruko paraje turistikoetara bisitak egingo dituzte. Hiria Argentinako nafar komunitatearen bihotz bihurtuko da, Rosario, Mendoza eta Buenos Airesko Nafar Etxeetako ordezkariak hartuz. Nafarroako Gobernuko agintariak ere bertaratuko dira. "Azaroa gainean dugu eta gure nahia Argentinako nafarrak Bolívarren biltzea da", adierazi du Sardonek.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia