euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Astebeteko jarduerak larunbatetik aurrera Sydneyko Gure Txokon, bere 60. urteurrena bazkide eta lagunekin ospatzeko

2026/11/12

Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeak 60 urte bete ditu eta azaroaren 14tik 22rako programa batekin ospatuko du
Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeak 60 urte bete ditu eta azaroaren 14tik 22rako programa batekin ospatuko du

PUBLIZITATEA

Sydney, Australia. Egun bakarra eta ordu batzuk baino ez dira falta programa hasteko eta Sydneyko Gure Txokoko kideak irrikan daude. Izan ere, hilabeteak daramatzate urtebetetzea antolatzen eta ahalegintzeak merezi izan du: jende ugari espero dute larunbatean bertan hasita, euren egoitzan zein aire zabalean burutuko diren jardueretan partaide. Programaren kultur eskaintza zabala izango da oso eta etxekoekin batera kanpotik propio iritsitako lagunek –hala nola Melbourne-tik etorriko den Aitor Jeronimo Orive sukaldari ezaguna, Basque Txoko by Aitor jatetxeko burua berau– ere jarriko dute euren hondar alea 60 urteko ibilbidea ospatzeko.

Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxearen 60. urteurreneko ospakizunak azaroaren 14tik 22ra luzatuko dira. Azaroaren 14an, larunbata, goizeko 10etan, festaren hasiera egingo da Rushcutters Bay Parkean. Bertan herri kiroletan arituko dira, batez ere umeei begira. Bazkaltzeko orduan taloak prestatuko dituzte eta dantzatzeko orduan, jaialdian jotzeko Lazkaotik propio iritsitako bi trikitilarik girotuko dute arratsaldea. Parkeko ekintzak bukatuta,15:30ak aldera, kalejiran joango dira bildutakoak, trikitixaren erritmora, Euskal Etxeraino. Han, bokatak eta taloa, zuzeneko musika, txozna eta sorpresa batzuk prestatu dira. Igandean, azaroaren 15ean, Euskal Etxearen 60 urteetako bideo instituzionala pantailaratuko dute. “Dokumentalak, Euskal Etxean ibili diren eta dabiltzan lagunei urtean zehar egindako elkarrizketak daude”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Jon Urrejola Euskal Etxeko lehendakariak. Bazkaria ere egongo da eta mus partidak.

Astelehenean, azaroaren 16an, eskulanen tailerra eskainiko dute eta azaroaren 17an, Euskal Etxeko sukaldean boluntario jarduten den Beñat Oliveirak Euskal Gazta Tarta prestatzen irakatsiko du, Masterclass batean. “Argitu behar dugu berak egin zuela Australiako lehenengo Basque Cheesecakea”, azpimarratu digu harrotasuna ezkutatu gabe Urrejolak. Ikastaldiko parte hartzaileetako batzuk fisikoki Euskal Etxetik segituko dute jarduera eta beste batzuek on line. Azaroaren 18an, asteazkena, euskal zinema saioa. Hautatutako filma, ‘Bizkarsoro’, jatorrizko euskal bertsioan ingelesezko azpitituluekin.

60. urteurreneko programa eta jarduerak zabaltzeko Euskal Etxeak prestatu duen bideoetako bat

Azaroaren 19an, osteguna, atsedena hartuko dute antolatzaileek, ondoren ostiralean, azaroaren 20an, 'martxa' jarraitzeko. Eguneko proposamena: "Txokolovers speed dating" deitu duten jendea ezagutzeko hitzordu azkar saioa. Azaroaren 21ean, berriz, sagardotegian inspiratutako menua prestatuko du euskal jatorria duen Aitor Jeronimo Orive sukaldari madrildarrak, EEko bazkideei zuzendutako ekintza gida; eta programa ixteko, azaroaren 22an, igandean, Sydneyko euskal gizataldearen bilgarri izango den bazkaria, Euskal Etxean.

Horrez gain, jakinarazten du Jon Urrejolak, “Australiako gainerako euskal komunitateetako hainbat jendek lagunduko gaituzte; Townsville-tik, 'North Queensland Basque Club' Euskal Etxeko lehendakaria eta lehendakariordea etorriko dira, familiekin, eta Melbournetik ere –nahiz eta gaur egun bertan euskal etxerik ez egon, euskal taldetxoa badago– lagun gehiago etorriko zaizkigu. Jende asko espero dugu, ilusio handiz gainera”, adierazu digu EE australiarreko lehendakariak.

- Gure Txoko Instagramen, guretxokosydney
- Gure Txoko Facebooken, Gure Txoko Euskal Etxea - Basque Club



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia