Rosario, Argentina. Aurkeztu berria du Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak datorren urteko Euskal Aste Nazionala identifikatuko duen irudi instituzionala. Ikur berria EEko Zuzendaritza Batzordeko kideen arteko lan bateratuaren emaitza da. Zenbait bilera egin osteanbideiak eta proposamenak partekatzeko, “Nortasuna Eraikitzen” da hautatu duten leloa, eta horren gainean eraiki dute logoa. Izan ere, bi hitz horietan laburbiltzen dira elkartearen eguneroko motorra, sentsibilitatea eta pentsamoldea, jakinarazi diote gure buletinari.
Kontzeptua definituta, ondoren, EEko diseinatzaile-talde baten zeregina izan zen definizioa eremu bisualera eramatea, partaide Magui Pastor Pulido, Lola Barrandeguy, Julen Calvoechene eta Pedro “Beltza” Esqueff, guztiak Gaztedi Zutik taldeko dantzariak. Hausnartu zuten euskal identitatea ez dela inoiz bakardadean eraikitzen, denen arteko sare baten bidez baizik eta belaunaldi ezberdinen arteko lotura, tradizio eta esperientzia elkarbanatuez elikatzen dela oinarri hartuta, espiritu hori islatu dute trazu bakoitzean, azaldu dute.
Belaunaldiak identitate bizi baten alde lanean
Emaitza diseinu argi bat da. Bertan, “Euskal Aste Nazionala”ren gaztelaniazko SNV siglak uztartu egiten dira lerro bakar batean hiru giza irudi sortzeko. Horrek modu abstraktuan islatzen du euskal etxe rosariotarraren ibilbidea: belaunaldi ezberdinak identitate bizi baten alde lanean, elkarri besarkaturik eta hazten egunez egun jarraitzen duen historia komuna lokarri, laburbildu dute.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


