euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bere 80. urteurrena ospatuz, Villa Mariako Euzko Etxea 2026 Euskal Argentinar Astearen antolatzaile urriaren 5etik 11ra

2026/02/04

Argentinako 2026ko Euskal Aste Nazionalaren logoa. Urriaren 5etik 11ra Cordoba probintziako Villa Marian
Argentinako 2026ko Euskal Aste Nazionalaren logoa. Urriaren 5etik 11ra Cordoba probintziako Villa Marian

PUBLIZITATEA

Villa María, Argentina. Villa Mariako Euzko Etxeak hartu du 206ko Argentinako Euskal Aste Nazionala antolatzeko ardura. 1946ko irailaren 29an sortua, euskal etxeak 80 urte beteko ditu beraz aurten eta handizki ospatzea erabaki du, antolatuz hain zuzen ere, urriaren 5etik 11ra, Argentina mailan eta Diaspora mailan ere handiena edo handienetakoa den urteroko ekitaldi euskal argentinar nazional hau. Urtea hastearekin, aurkezpen batera deitu zuen, Udala eta tokiko agintariak partaide, baita seguntasun indarretakoak, komunikabideak, hotelak, gizataldeak eta EEko bazkide eta lagunak ere, ofizialki jendaurretzeko 2026a bere 80. urteurrenaren urtea dela eta karia horretara Euskal Aste Nazionala ekarriko duela herrira, eta gogotsu gonbidatzen dituela bertaratu eta parte hartzera Argentina osoko euskaldunak eta euskaldunen lagunak, baita Diasporalko gainerako herrialdetakoak eta Euskal Herrikoak ere.

Aurkezpena bikoitza izan zen eta lehenik Udaletxean goizez eta arratsaldez Euzko Etxean egin zen, horretarako data berezi bat hautatuz, urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna, ekitaldiari kolore bizia emanez Euzko Etxeko Danborradarekin. Udaletxean Areto Zurian egin zen, eta Euzko Etxean lehenengo pisuko Euskal Herria Aretoan. Euskal Asteak izango duen logoa ere aurkeztu zen eta agerraldi hau urteko lehena bezala, ondoren gertatzen joango direnen aurrenekoa legez aurkeztu zen, informazioa emendatu, eguneratu eta biribiltzen joango baita urteak aurrera joan ahala, gogotsu eta gogor lanean ari den lantaldeari esker, ez baita erronka makala maila nazionaleko hitzordu hau Villa Marian berriz ere egin ahal izatea, azpimarratu dute Euzko Etxetik.


Euzko Etxeko Danborrada partaide egin zen Euskal Aste Nazionalaren aurkezpena


Euzko Etxeko lehendakari Gerardo Echeverria bertaratutakoei mintzo aurkezpen ekitaldian


Villa Maríako Donostiar Danborrada ere Euskal Asteko protagonistetako bat izango da


Euzko Etxeak Euskal Herriarekiko eta Argentina eta Villa Mariarekiko bere konpromisoa berresten


Gerardo Echeverria eta Florencia Deniz Euskal Astearen xehetasunak azaltzen (bideoa Canal 20 Villa María)

Euzko Etxeko lehendakari Gerardo Echeverríak historia apur bat egin zuen, 1972an, Argentinako lehenengo Euskal Aste Nazionala bertan antolatu zutela oroitaraziz. "Gizatalde gisa eskerrak eman nahi dizkiegu Eusko Jaurlaritzari, elkarretaratze hau antolatu eta gure kultura atxiki eta hedatzeko aukera ematen digulako, eta FEVA Argentinako euskal etxeen federazioari, nazio mailan gure ama erakundea baita, hitzordu hau non egiten den erabakitzen duena". Erakunde mailan, Villa Mariako Udala eta Euzko Etxea bera gehitzen zaizkio, mahai hau sostengatzen duten lau oinak osatuz.

2026ko Euskal Asteko logoa

Eta 2026ko Euskal Aste Nazionalaren ikur izango den logoaren aurkezpen eta azalpena: "arbola bat, eta jatorrian eta oroimenean sakon barneratzen diren erroak biltzen ditu, eta enbor bat, euskal nortasunak Argentinak duen presentzia biziaren adierazgarri, arbola berean uztartuz iragana eta oraina". "Gernikako Arbolaren erreferentzia eta lotura zuzena Villa Mariako Mendeurreneko Plazan daukagun haren kimuarekin, sinbolo boteretsuak dira guretzat, eta argi adierazten dute zergatik segitzen dugun, eta zergatik antolatzen ari garen bostgarrenez —1972, 1994, 2003, 2013 eta 2026an— Argentinako Euskal Aste Nazionala". Urtean zehar Euzko Etxea komunikazio berriak plazaratzen joango da, Euskal Asteari buruzko informazioa eguneratzen. Ez du aukera galtzen Euzko Etxeak berriz ere gonbidatzeko Villa Mariara euskal etxe eta elkarteak oro, Argentina eta Amerikakoak, Europakoak edo nonahikoak, eta euskal jendea eta euskaldunen lagunak, "urriaren 5etik 11ra, hau izango baita munduan euren lekua".

Villa Mariako Euzko Etxea Facebooken
Villa Mariako Euzko Etxea Instagramen



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia