Tandil, Argentina. Hiru hilabete eskas falta dira. Tandilen urriaren 27tik azaroaren 2ra ospatuko den 2025 Euskal Aste Nazionala gogoratzeko modukoa dator. Gure Etxea euskal etxe anfitrioiak Euskal Herritik propio bertaratuko diren taldeen partaidetza baieztatu du eta tartean dira Arrigorriagako (Bizkaia) 'Jasoka Herri Kirol Elkarte'ko hogei bat lagun. Euskal herri kirolen erakustaldia eskainiko dute urriaren 31n, ostiralean, Centro Náutico El Fuerteko Isla del Lago-n. Zuberoako 'Aitzindariak' Kultur Elkarteko lagunek ere Astea edertuko dute, ostiral arratsaldean eta leku berean, dantza tailer bat eskainiz gazteei eta ondoren dantza tradizionaleko ikuskizun bat taularatuz. Horrez gain, Pello Reparaz nafarraren Zetak taldeak, bere pop elektroniko musika proiektua partekatuko du, marka berritzailea ekarrita mega-topaketako erromerietara.
Bi emanaldi berezi eskainiko ditu aurten Euskal Aste Nazionalak, urriaren 31n, ostirala, eta azaroaren 1an, larunbata, biak Tandilgo Martin Fierro Udal Anfiteatroan. Ostiraleko emanaldia estreinaldi eta kolaborazio gaua izango da. DOA Diasporako Orkestra Argentinarrak goitituko du oihala, Argentinako euskal etxeetako hogei bat musikarik osatutako ensanbleak bere piezak eskainiz, batzuk Tandilgo Udal Musika Banda lankide, eta zenbait euskal etxetako koru eta dantzariekin batera. Ondoren, 'Aitzindariak' taldeak Zuberoako dantza ikuskizuna ekarriko du, Jean Bordachar kantari ezaguna zuzendari.
Zalakain abenturazalea
Larunbat gaua ere zirraragarria dator. Izan ere, "Martin Zalakain" ikuskizunaren diasporari egokitutako bertsioa aurkeztuko dute. Pio Barojaren "Zalacaín el Aventurero" eleberri ospetsuan oinarrituta, Juan Antonio Urbeltzen koreografiarekin, Harkaitz Canoren gidoiarekin eta Ander Lipusen antzerki-zuzendaritzarekin, Argia konpainiaren lan enblematiko hau Argentinara iritsiko da, aurrekaririk gabeko lankidetza-formatuan. Euskal Herrian zehar ibilbide arrakastatsua egin ondoren, "Martin Zalakain"ek Hego Konoko diasporako euskal etxe ugaritako dantzariak bilduko ditu, abenturazale honen historia kolektiboki kontatzeko.
2025eko Euskal Aste Nazionala, Euskal Herriarekiko harremanak indartzeko aukera paregabea izango da, prefosta!