Donostia, Euskal Herria. Scott Zuniga musikari, kantautore eta idazlea da; streaming-ean ere aritzen da artista estatubatuarra eta bertan hasi da duela hilabete batzuk ‘Azken Nota’ (sic) izeneko bere proiektu berriarekin. ‘Azken Nota’ podcast-ean “Elkarrizketa sakonak” egiten dizkie Zunigak “gaurko euskal musikagintzako maisu eta izar gorakorrei”. Baina ekimena haratago doa, eta bere euskalduntze prozesuan gero eta aurrerago ari delarik, euskararen aldeko apustuari eutsi eta euskara hutsean egiten ditu elkarrizketak Scottek.
Estatu Batuetan jaio zen Scott Zuniga. New Mexicon, eta Utah-n eta Texasen hazia, ama eskoziarra eta aita mexikarreko familia da berea. Duela urte batzuk eta musikak erakarrita Andaluzian bizitzea erabaki zuen eta bertan jakin zuen, kasualitatez, Zuniga bere abizenaren jatorria euskalduna zela. Erabat liluratuta geratu zen euskal kultura ezagutzen hasi zenean eta helburu argia jarri zion bere buruari: bere arbasoen hizkuntza bere egin eta ikasiko zuela.
Euskaldunen erara jokatu zuen artistak “esan eta egin” esamoldeari jarraituz: Donostian bizi da gaur egun Scott, Donostiako euskaltegi batean ikasten du euskara eta “musika lagun, hitz egiten eta bidean elkartzen ditudan lagun berriekin”, bere euskalduntze prozesua ari da dokumentatzen Kaixo Scott bere TikTok kontuan.
Scottek bere euskalduntze prozesua nola doan partekatzen du sareetako jarraitzaileekin
Azken Nota
Baina ‘Azken Nota’ da bere proiektu berriena. ‘Azken Nota’ podcastean elkarrizketa sakonak egiten dizkie Scottek, euskaraz, euskaraz abesten duten hainbat Euskal Herriko musikagileei. Musika talde asko pasatu dira jadanik podcastetik, tartean Txoron Beats, Kaparrak edo Modus Operandi, batzuk aipatzeagatik. “Egiari zor, euskal sortzaileei egiten dizkiedan elkarrizketak ez dira soilik euren musikari buruz. Euskal izateari, identitateari, komunitateari eta belaunaldien arteko loturei buruzkoak ere badira. Elkarrizketak ispiluak dira niretzat: ez naiz hemengoa, baina nire tokia bilatzen ari naiz hemen, errespetuz eta maitasunez”, adierazio dio amerikarrak EuskalKultura.eus-i.
Egun hauetan, hala ere, ‘opor moduan' eta uda ostean elkarrizketekin berriro hasi baino lehen, Euskal Herriko musika jaialdiak ari da jorratzen ‘Azken Nota’ podcastak. Izan ere azken astean, Hatortxu Rock jaialdiaren 30. edizioan ibili da Scott Nafarroako Lakuntzan. “Azken Nota, podcasta baino askoz gehiago da”, diosku . “Bihotzetik sortzen zaidan zerbait da; euskal musikaren bidez Euskal Herriaren bihotzera hurbiltzeko zubi bat da. Nire euskara mugatua da oraindik, baina musikaren bidez sentitzen dudan lotura sakona da. Hemen bizi naiz, nire semea hemen hazten ari naiz, eta proiektu hau nire modua da herri honi entzuteko, begiratzeko, eta eskerrak emateko”.
‘Hatortxu Rock’ Jaialdian, Latzen taldearekin
Geroari begira, ‘Kaixo, Scott’ izenpean sortzen dituen edukiekin jarraituko du Scottek eta, nola ez, euskararekin ere segitzeko asmo irmoa du. Musikari dagokionez, euskarazko abestiak egiteko asmoa ere badu. Badauka bat, 'Poztasuna' izenekoa, hemen entzun daitekeena. Aldi berean, ez du baztertzen euskal musikariekin kolaborazioak egiteko aukera.
'Azken Nota' podcastak Kaixo Scott webgunean daude ikusgai.