euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hasiera indartsua izan du Boisen 2025eko Jaialdiak, ekitaldia Kapitolioan, Pradalesen iritsiera, jai giroa arnasean

2025/07/30

Pradalesen iristera Boiseko aireportura eta ahorezko agurra. Irudian, Lehendakaria Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalaren idazkari nagusi Ander Caballero eta Euskadiren AEBko ordezkaria Conchita Arangurenekin
Pradalesen iristera Boiseko aireportura eta ahorezko agurra. Irudian, Lehendakaria Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalaren idazkari nagusi Ander Caballero eta Euskadiren AEBko ordezkaria Conchita Arangurenekin

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Hamar urtetako espektazioa hasi da gauzatzen eta hezurmamitzen Boisen: joan den igandetik aurrera eta bisitariak hirira iristen joan ahala, giroa berotzen doa, eta ez bakarrik bero egiten duelako Boisen —ikusiko nola garatzen den eguraldia, ez dute punta-puntako berorik agindu, baina epeltasunik batere ez— oraingoz Euskal Herritik etorritako hamaika jende han-hemenka baitabil hirian eta bertako Basque Block-en, euskal jaiaren egarriz. Asteko egunak aurreratzen joan ahala, nabari da zeozer datorrela, eta atzo bertan Kapitolioan egindako ekitaldiak Brad Little gobernadorea ere jarri zuen —literalki— dantzan, aste hau "Basque Week" aldarrikatzen duen Gobernadorearen Proklamazioa jendearen aurrean Kapitolioan sinatu zuen ekitaldi publikoan, bertako eta kanpoko hainbat gonbidatu eta herritar partaide.

Iristen joan diren horien artean, Imanol Pradales lehendakaria bera. Agenda estua dauka hemen eta aireportuan ongietorri ederra egin zioten, ohorezko agurra dantzatu ziotelarik bertako Oinkari euskal dantza taldeko dantzariek. Aireportura iristen den edonork, dena den, Jaialdiren seinaleak ikusiko ditu berehala, pantailetan ongi etorria ematen baitie Boisera Jaialdik, bertako agintarien eta turismo bulegoarekin batera, Kaixo dioten tamaina handiko hizki batzuk ere tarteko. Datozen egunetan, eta bereziki datorren astean, artikulu eta argazki.kronika bereziak argitaratuko ditu EuskalKultura.eus-ek Boiseko giroa eta programako xehetasunak bilduz.


Pradales lehendakariaren iristera Boiseko Gowen Field aireportura eta ohorezko agurra (irudia Irekia)

Boisen dira dagoeneko Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olano Astigarraga, bere bulegoko teknikari Benan Oregi. Etxepare Euskal Institutuko Irene Larraza zuzendaria, Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Monika Madinabeitia, Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegi, Oñatiko alkate Izaro Elorza, guztiak Kapitolioko atzoko ekitaldiko partaide. Kapitolioan bertan, izan ere, Boise eta Oñatiren arteko unibertsitate-programaren 50. urteurreneko ekitaldia egin zen atzo, eta Iñaki Galdosen liburuaren ingelesezko bertsioa aurkeztu zen, egilea bera liburu sinatzaile.

(segituko du)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia