euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Partaidetza handia Txileko Euskal Gizataldearen Mintza Txokoan; San Ignazio eta 18. urteurrena ere ospatu dituzte

2025/07/30

35 bat lagunek hartu zuten parte Txileko Euskal Gizataldeak antolatutako Mintza Txokoan
35 bat lagunek hartu zuten parte Txileko Euskal Gizataldeak antolatutako Mintza Txokoan

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. ‘Mintzodromoa’ edo ‘Mintza Txokoa’ izenarekin ezagutzen ditugu euskara praktikatzea helburu nagusia duten elkarretaratze eta topaketak eta hori izan da hain zuzen ere Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxeak, Euskadiren Txileko Ordezkaritzarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin batera, joan den ostiralean, uztailaren 25ean, antolatu zuen hitzorduaren asmoa.


Joan den ostiralean 2025eko Mintza Txokoan parte hartu zuten ikasleak eta irakaslea

Santiagoko Mintza Txokoaren 3. edizioa arrakastatsua izan zen oso; 35 ikasle inguru bildu ziren Las Condesko Estadio Español-en eta Christian Etxeberria irakaslearen ardurapean, mota desberdin askotako joko, jolas eta ariketak gauzatu zituzten, urtean zehar euskara klaseetan ikasitakoa beste ikasleekin erabili eta konpartituz.

San Ignazio eta euskal elkartearen 18. urteurrena

Uztaileko azken asteburuan bi jai izan zituen biltzaile Txileko Euskal Gizataldeko lagunak: berez uztailaren 31an ospatzen den Loiolako San Ignazioaren eguna, eta Euskal Etxearen urtebetetzea. Ospakizun egunak meza batekin hasi eta berrehun bat lagunentzako bazkari batekin jarraitu zuen, Estadio-ko areto nagusian. Hiriko hainbat elkarteko agintari eta ordezkari bertaratu ziren bazkarira, tartean Fernando Marquez Euskadiren Txileko Ordezkaria, Luis Mateos Txileko Espainiako Enbaxadako negozio arduraduna, Juan Erenchun Estadio Españoleko presidentea, eta Rocío Pérez Txileko CREko presidentea, batzuk aipatzearren.


San Ignazio eguna eta Elkartearen 18. urteurrena batera ospatzu zituzten txiletarrek 

Etxeko abesbatzak meza eta bazkaria alaitu zituen bere errepertorioarekin; dantzariek ere animatu zituzten bildutako lagunak euskal dantza ezagunenekin. Rossana Arzak euskal elkarteko lehendakariak, izan zuen ongietorria emateko ardura. Bere hitzetan, elkartearen historia eta 18 urte hauetan egindako ekitaldiak eta euskal kulturaren aldeko lana gogoratu zituen.


Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxeko abesbatza kantari uztailaren 27ko ospakizunean


Euskal Dantzak San Ignazio eta Euskal Gizataldearen urteurrena ospatzeko jaian

“Urteak azkar pasatzen dira baina oso ondo dago eten txiki bat egitea bizi izandakoa gogoratzeko: nola bildu ginen euskaldunen ondorengo batzuk 2007an proiektu hau martxan jartzeko eta nola, handik gutxira, jaso genuela Eusko Jaurlaritzaren onespena”.

"Geroztik ez dira gutxi, burutu ahal izan ditugun asmoak: abesbatza tailerra, eta gero euskara klaseekin hasi ginen, dantza eta txistu eta tamborin klaseak ere ematen ditugu. Idazle eta kultur erreferente asko errezibitu ditugu hemen: Miguel Laborde, Theodoro Elssaca, Lucy Sepúlveda… Duela 12 urtedanik gure Euskal Astea antolatzen dugu eta baita Mintza Txokoak… Pozik eta harro gaude lortu dugunarekin”, adierazi du Txileko Euskal Gizataldea EEko lehendakariak.

Arzak gogoratu legez, 2015etik urtero antolatzen dute beren Euskal Astea. Aurtengoari dagokionez, abuztuaren 5etik 8ra izango da, Euskal Mitologia ardatz Santiago-Las Condeseko Estadio Españolen.

-Colectividad Vasca de Chile Facebook-en
-Colectividad Vasca de Chile Instagram-en



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia