Necochea, Argentina . Neguko barnetegia arrakastaz amaitu da joan den larunbatean, uztailaren 26an, Necochean. Hego Amerikako 16 ikasle elkartu ziren —Argentinako 15 eta Kolonbiako 1— euskarazko errelebo-emaile izateko xedea duen euren prestakuntza jarraitzeko. FEVAko Gabriela Mendia eta Etxepare Institutuko Euskara Munduan Programaren arduradun José Francisco "Kinku" Zinkunegi koordinatzaile, ikastaroa bertako Euzko Etxean egin zen, Lautaro Pincheira eta Irene López de Vicuña irakasle. Formakuntzaldia 2024an San Nicolasen hasitako irakaslegai talde honen laugarren topaketa presentziala izan da. Orain, bi asteko atsedenaldi labur bat hartu eta Maizpide Euskaltegiko Jon Joseba Urdangarin lazkaotarraren gidaritzapean online plataforma batean jarraituko dute lanean, 2026ko urtarrilean berriz aurrez aurre elkartu arte.
"Barnetegia ezin hobeto joan da", laburbildu dio Kinku Zinkunegik EuskalKultura.eus-i, ikasleek aurrerapen nabarmena egin dutela azpimarratuz. "Urte eta erdi baino ez darama ikasle talde honek euskara ikasten, eta sekulako aldea somatu dut urtarriletik hona. Oso jarrera proaktiboa izan dute egun hauei etekina ateratzearren, talde-giro bikainarekin, asko laguntzen diote elkarri. Ahalegin handia egin dute Necochean, eskolatik kanpo ere euskaraz bizitzeko. Beraz, balorazioa ezin hobea da alderdi guztietatik, bai izan ditugun irakasleengatik, Argentinan Euskarazen trebatuak eurak, bai Euskal Etxeagatik, nola zaindu gaituzte, eta baita FEVAri dagokionez ere, lankidetza, eta dena erraz egiten dutelako”, gaineratu du.
Iñaki Bilbao, Euzko Etxeko lehendakari berria, barnetegiko partaideen esker ona jaso zuen
Euskara Munduan egitasmoan Argentinak duen garrantzia ere azpimarratu du Zinkunegik, herrialde horretan sortu eta zabaldu baita programa. "Une honetan proiektua inoiz baino osasuntsuago dago eta, laster, jauzi kualitatibo bat emango dugu. Hemendik Boisera noa [dagoeneko bertan dago], eta Boisen, lehen aldiz, eta Jaialdi-ren baitan, NABOrekin hitzarmen bat sinatuko dugu, aspaldidanik FEVArekin dugunaren antzekoa, euskara irakasleak trebatzeko ", adierazi du.
Hona Necocheako barnetegian parte hartu duten Euskara Munduan Programako ikasleak:
- Adriana Irrazabal, Beti Aurrera, Chivilcoy (Argentina)
- Aldana Arruabarrena, Euskal Echea, Comodoro Rivadavia (Argentina)
- Andrea Malcorra, Ibaiko Euskaldunak, Río Colorado (Argentina)
- Ángeles García, Euskal Echea, Llavallol (Argentina)
- Diego Orellana, Laurak Bat, Buenos Aires (Argentina)
- Dina Antonini, Laurak Bat, Buenos Aires (Argentina
- Elián Mancini, Ibaiko Izarra, Concordia (Argentina)
- Eliana Domench, Guillermo Larregui, Chacabuco (Argentina)
- Ignacio Esquiroz, Haraneko Euskal Etxea, Trelew (Argentina)
- José Tomás Uriz, Denak Bat, Mar del Plata (Argentina)
- John Alejandro Ricaurte, Gure Mendietakoak, Antioquia (Kolonbia)
- María del Mar Alderete, Centro Navarro, Buenos Aires (Argentina)
- Mariana de Sautu, Pergamino, Tandil (Argentina)
- Mariana Juez, Gure Etxea, Tandil (Argentina)
- Sol Cicero, Euskaltzaleak, Buenos Aires (Argentina)
- Renzo Villanueva, Urrundik, Paraná (Argentina)