Necochea, Argentina. Hilabete luzez bakarka eta gogor ikasi eta bilera birtual gutxi batzuk izan ostean, Euskara Munduan Programako 16 irakaslegaik egun gutxi barru hasiko dute astebeteko aurrez aurreko aurtengo neguko euren ikastaro trinko eta elkarbizitza euskaraz. Hitzordua Necocheako Euzko Etxean izango da, larunbatetik larunbatera, uztailaren 19tik 26ra. FEVAko Gabriela Mendiak eta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programaren arduradun Jose Francisco "Kinku" Zinkunegik koordinatuko dute topaketa
Promozio honetako laugarren barnetegi honek euskal etxe argentinarretako hainbat ikasle/irakasle eta Kolonbiako Antioquiako Gure Mendietakoak Euskal Etxeko bat izango dituzte
Ikasketak 2024ko urtarrilean San Nicolasen abiatu zituen ikas-irakasle talde honen laugarren barnetegia izango da. Ikastaroak ahozko komunikazio-praktika lantzea izango du helburu behinena, eta parte-hartzaileek otsailetik uztailera bitartean online plataformaren bidez landu dituzten A2 mailako edukiak erabili eta plazaratu ahal izatea. Eskolak, Argentinako bi irakaslek emango dituzte, Mendozako Lautaro Pincheirak eta Buenos Airesko Irene López de Vicuñak. Diseinua eta material didaktikoak, Lazkaoko Maizpide Euskaltegiko Jon Urdangarini zor zaizkio.
Necocheako barnetegian parte hartuko duten euskara irakaslegaiak honako euskal etxee argentinarretakoak dira: Chivilcoyko Beti Aurrera, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea, Rio Coloradoko Ibaiko Euskaldunak, Llavalloleko Euskal Echea Ikastetxea, Buenos Airesko Nafar Etxea, Laurak Bat eta Euskaltzaleak, Concordiako Ibaiko Izarra, Chacabucoko Guillermo Larregui, Trelewko Haraneko Euskal Etxea, Mar del Platako Denak Bat, Tandilgo Gure Etxea, Pergaminoko Lagun Onak, Paranáko Urrundik eta Kolonbiako Antioquiako Gure Mendietakoak Euskal Etxea.