euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporaren berri ematen die hitzaldi bidez Euskal Australiar Alkarteak hala eskatzen duten ikastoletako DBHko ikasleei

2025/11/24

Euskal Australiar Alkarteko Maite Etxeandia Agirre, Durangoko Kurutziaga Ikastolan euskal asutraliar diaporaz mintzatzen
Euskal Australiar Alkarteko Maite Etxeandia Agirre, Durangoko Kurutziaga Ikastolan euskal asutraliar diaporaz mintzatzen

PUBLIZITATEA

Gernika, Bizkaia. Ekimena Maite Etxeandia Agirre euskal australiarrak Gernikako Seber Altube Ikastolan 2023an emandako hitzaldiarekin hasi zen. Maitek berak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “DBH4ko ikasleek, Zortzigarren Probintziaz, hau da, euskal diasporari buruzko lan bat egin behar dute; nik ikastola batean lan egiten dudanez bururatu zitzaidan euskal-australiar diasporari buruzko aurkezpen bat egin ahal nuela horri lotuta. Geroago Ikastoleen Elkartekoek horren berri izan, proposamena hura aztertu eta Elkarteko beste ikastola batzuetara zabaltzea eskaini zidaten”.

Hiru ikasturte hauetan, Gernikako Seber Altube Ikastolan hitzaldiak emateaz gain, Euskal Australiar Alkarteko ordezkariak honako beste ikastola hauetara hedatu du bere jarduera: Azkue Natura ikastola (Lekeitio), Elgoibar ikastola (Elgoibar), Betiko ikastola (Leioa), Kurutziaga ikastola (Durango), Lizarra ikastola (Lizarra), Haurtzaro ikastola (Oiartzun), Uzturpe ikastola (Ibarra) eta Udarregi ikastola (Usurbil), 15-16 urteko neska-mutilek osatutako publiko baten aurrean.


Euskal australiar diasporari buruzko hitzaldia ematen Lekeitioko Azkue Ikastolan

Hitzaldia hasteko eta powerpoint baten bidez, Maitek azaltzen du zergatik emigratu zuten euskaldunek Australiara, nortzuk emigratu zuten, zergatik hasieran batez ere gizonak izan ziren joan zirenak eta nola gero batzuk bueltatu egin ziren emazte eta familiaren bila… zeintzuk izan ziren erbesteratzeko arrazoiak, zein lan mota egiten zuten Australian, eta bueltatu ziren kasuetan, nolakoa izan zen itzulera, eta zelan euretako hainbatek harremanetan segitzen duen modu antolatuan euskal-australiar egitatearekin Euskal Australiar Alkartearen bidez.

Ikasleek euren interesa agertu ohi dute, mota askotako galderak eginez, tartean esaterako galdetuz Australiako euskal jatorriko jendeak zenbateraino mantendu duen bere kultura eta irakatsi edo pasatzen dieten euren seme-alabeiedota, Maite bera Australian jaiotako euskalduna dela jakitean, nola izan zen berarentzat Euskal Herrira bueltatzea eta nola bizi izan zuen bertara egokitzeko prozesua.

Maitek azaltzen dio gure buletinari, kolore berezi apur bat sartuz, "telesailetan eta Frankenstein-en agertzeagatik oso ospetsu bilakatu den euskal jatorrizko Jacob Elordi aktore australiarra" aipatzen diela. "Kah oot izena duen galdera-erantzun jolasa ere egiten dugu eta saioaren amaieran ematen diegu aukera testimonio batzuk entzuteko, bideo labur baten bidez”, kontatu digu Euskal Australiar Alkarteko erreferenteak.

- Euskal Australiar Alkartea Instagramen, euskal_australiar_a



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia