Gernika-Lumo, Bizkaia. Oso ekitaldi alai eta pozgarria da urtero Australian jaio edota bizi izan ziren euskaldunak biltzen dituen Euskal Australiar Alkartea (EAA) antolatzaile duen urteroko bazkari eta elkarretaratze hau. Aurten gainera, Rosemary Morris-Castico enbaxadari australiarrak, EAAk egindako gonbidapena onartu eta Gernikan eman zuen eguna, lehenik Gernikako Udalean alkateak, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariek harrera eginik, eta ondoren bazkaria partekatuz elkarteko kideekin, euretako hainbat, pasaporte australiarreko euskaldunak.
Bertan izan zuen estreinaldia, bere esparruko euskal komunitate batekin ekitaldi jendetsu bateko parte, duela hilabete izendatu zuten Ziortza Olano Astigarragak, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berriak eta berakin batera errezibitu zuten Rosemary Morris-Castico Gernikako alkate Jose Mari Gorroñok, Euskal Australiar Alkarteko lehendakari Amaia Urberuagak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza saileko foru diputatuak, besteak beste.
Euskal Australiar Alkartearen bazkariak 90 bat pertsona batu zituen Zallo Barri jatetxean
Oroitzapen eta gomuta berri eta berrituekin batera, eguneko talde argazki ederra
Australia enbaxadoreak barruan Gernikako Arbolaren hosto bat zeukan koadroa jaso zuen oparitzat alkatearekin eskuetatik. Pozik agertu zen bertan egoteaz, Gernikan, hiriak duen sinbolismoa gogoan izan zuen eta euskal emigranteek North Queenland-en kainera ebakitzen eta tabako bilketan pasa behar izan zuten egoera gogorrak ekarri zituen gogora. Bere ongi-etorri hitzetan, Australian jaioa den Amaia Urberuaga EAAko presidenteak bere esker on sakona helarazi zion euren urteroko topaketara bertaratzeagatik, eta eguna elkarteko kideekin bazkaldu eta partekatuz erakutsitako jarrera eta borondateagatik.
Morris-Casticoren bisita adiskidetasun eta harreman sendoen adierazgarri jo zuen, eurak harro baitaude oso euskaldunak eta australiarrak izateaz, eta zubigintza horretan jarduteaz, euskal sustraiak sendo eta euskal zein australiar ondareaz harro, iragana ahaztu barik bakea lagun etorkizunari begiratuz. Bakearen Museoa bisitatu ostean, Zallo Barri jatetxera pasa eta enbaxadaria ederki moldatu zen bazkarian. Jende asko hurbildu zitzaion euren istorioak kontatuz eta bere presentzia eskertuz. Bizkor parte hartu zutenen artean, bere 95 urtetan, Alejandro Antxistegi 'Etxezar' Amorotokoa, istorio euskal-australiar luzekoa, eta urteroko bazkari honetara hutsik ez egiten zeharo saiatzen dena.
Zorionak antolatzaile eta parte hartzaile guztiei!