euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

30 bat pertsona asteburuan partaide Valentziako 2026 Ikasle Topaketan; datorren ostiralean, Kultur Astea Euskal Etxean

2026/11/03

Euskara Ikasleen 2026ko Topaketa Valentziako Euskal Etxean
Euskara Ikasleen 2026ko Topaketa Valentziako Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Valentzia, Espainia. Valentziako Hizkuntza Eskola Ofizialeko eta hiriko Euskal Etxeko euskara ikasleak bildu ziren joan den den larunbatean, urriaren 31ean, EEaren egoitzan. Ikasle Topaketa honen lehenengo edizioa 2022an izan zen, eta geroztik aktibitatea sendotuz joan da urtez urte eta, antolatzaileen esanetan, aurtengoa izan da orain artean ‘onena’. Alde batetik, parte hartutako ikasleen kopuruagatik, hogeita hamar, eta bestetik dakiten euskara erabiltzeko erakutsi zuten konpromisoagatik, “nahiz eta batzuk hasi berriak izan”, azpimarratu du ekintzaren arduradunetako bat den Izaskun Kortazar irakasleak.


Ikasleek elkar ezagutzeko hainbat dinamika landu zituzten Topaketan,helburua lortuz


Bazkaria -eta bazkalosteko kantak- ere konpartitu zituzten ikasleek eta irakasleek

“Izan ere, asmo nagusia ikasleek elkar ezagutzea izan zen; besteak beste askok on line ikasten baitute eta beharrezkoa da haien arteko loturak sendotzea; Beraz horregatik goizean hainbat dinamika landu genituen: aurkezpenak, lokotx lasterketa papertxoekin gero esaldiak sortzeko, mimika, frogak… A2 eta B1ekoek galderak ere erantzun zituzten”, jakinarazi digu Kortazarrek.

Izaskun Kortazar bera, Gari Knörr eta Dabid Gonzalez irakasleak izan ziren proposameneko arduradun, eta ezagutza eta giro egokia lortzeko bidean, bazkari goxoa ere partekatu zuten bildutakoek eta —inor harritzen al da?— bazkalostean euskal kantak abestu zituzten.

Euskararen Eguna

Hilabete baino gutxiago falta da munduko euskaldunen artean bereziki maitea den eta zale asko dituen festa honetarako eta, urtero bezala, Valentzian ere ospatuko dute. Valentziako Euskararen Nazioarteko Eguneak jai berezia ospatuko du azaroaren 28an. Hasteko, eta taldekideen arteko harremanak sendotzeko bide beretik, elkar ezagutzeko dinamikak proposatu dituzte. Bazkaria, eta euskal karaokea ere, egongo da eta bi ekitaldi nagusiak izango dira: Mintzodromoa, Argentina eta AEBko ikasleekin; eta talde euskaldunen kontzertuak: Lazkaoko The Soulanders eta Mungiako Toc.

2026ko Kultur Astea

Baina aste honetan bertan, Euskal Kultur Astea gauzatuko da Valentzian Euskal Etxea antolatzaile; programa azaroaren 6an hasiko da, 19:00etan, euskal-valentziar kantutegiaren aurkezpenarekin; ondoren, abestien interpretazio bat egingo de jendaurrean, Gari Knörr eta publikoa partaide. 20etatik 21:30era, Kantutegiko arte erakusketa (Xolbi). 20:30ean, ohorezko ardoa.

Azaroaren 7an, 18:30ean, Gabi de la Mazaren hitzaldia programatu dute. Gabi de la Maza, karaokerako 4.500 euskal abesti baino gehiago bildu ditu www.txantxangorria.eus bere webgunean, bakoitza bere bideoarekin, kantatzen laguntzeko prest. 20:30ean, berriz, “Baga Biga Higa” dantza interpretatiboaren txanda izango da, Andrea Cordovaren eta Matias Goyenecheren “Tango de Fuego” taldearen eskutik. 18:30etik 21:30era Kantutegiaren arte erakusketa.

Azaroaren 8an, 11:30ean eta programari amaiera emanez, ‘Nafarroa’ ate irekien jardunaldia, dohaineko  pintxoekin. Kantutegiko arte erakusketa ere ikusgai, 11:30etik 13:30era.

Jarduera hau Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustatutakoa da.

- Valentziako Euskal Etxea sareetan, euskaletxea_valencia



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia