Donostia-San Sebastián. San Frantzisko Xabier egunarekin batera Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatuko da asteazkenean, abenduaren 3an, Euskal Herrian eta baita Euskal Diaspora osoan ere. Aurtengo edizioaren leloa ‘Jantzi euskararen betaurrekoak’ da eta ‘betaurreko berezi horiek’ janzten hasteko deialdiak munduko txoko askotatik ari dira iristen gure erredakaziora. Eta nahiz eta data ofiziala abenduaren 3an izan, asteburuan hasi ziren ospakizunak hainbat hiritan, tokian tokiko euskal etxeen egutegietara egokitze aldera.
Valentzian, Laurak Bat Euskal Etxeak deiturik, egun osoko programa garatu zen azaroaren 29an. Goizeko 11etatik aurrera, herri jolasak eta euskararen historiari buruzko hitzaldia egin ziren, bi ekintzak José Fernando Domene Verdú irakaslearekin eskutik. Bazkaldu eta gero, mintzodromoan praktikatu zuten online euskara Valentziako ikasleek Estatu Batuetako ikasleekin. Bruselako Euskal Etxea ere izan zen goiztiarretako bat eta bertan Maialen Sorzabalbere, Mikel Irazusta eta Maria Blanco euskal umoregileekin ospatu zuten. Ikuskizuna eta gero sagardotegi giroa piztu eta gozatu zuten Belgikako euskaltzaleek.

Bruselan sagardotegi giroan ospatu zuten Euskararen Nazioarteko Eguna

Belgikako ENEn euskal monologista eta umoregileak eta dantzak ordu txikiak arte
Palma de Mallorcako Artea Euskal Etxearen jaialdian ENErekin batera Nafarroaren Eguna ere ospatu zuten eta Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo Nafarroatik bertaratua ospatu zuten. 70 bat lagun bildu ziren festan, eta Jorge París eta Mikel Alcasenaren doinu eta abestiekin kantatu eta dantzatu zuten.

Euskal musika nagusitu zen Mallorcako Jaialdian, bertako txalapartariak ere lagun

Ana Ollo Nafar Gobernuko ordezkaria eta Francisca Sampol, Palmako Udalekoa, Euskal Etxeko lagunekin
Euskal Etxeko txalapartariek ere hartu zuten parte ikuskizunean eta baita Severo akordeoilariak ere. Jaiari amaiera emateko, Palmako Etxe Valentziarreko lagunek (euren egoitzan egin zen ekitaldia) prestatutako ‘pamboli’az gozatu ahal izan zuten.
Abenduaren 3an bertan ospatuko dute, esaterako, Valladolideko Euskal Etxekoek. Gure Txoko-ko heldu eta txikiak askari eder baten inguruan bilduko dira, Euskararen Eguna ospatzeko. Eta 3an bertan ‘Red Bay’ film laburraren proiekzioa antolatu dute Madrilgo Euskal Etxeko Euskaltegiko irakasleek, beren ikasleentzat. Bi emanaldi egingo dira –goizeko eta arratsaldeko taldeentzat–, Peio Aranburu Aretoan, filmaren egilea den José Antonio Cortések aurkeztua.
Hego Amerikara bidaiatuz, Sao Pauloko Eusko Alkartasunak Sabrina Otegui irakasleak eta taldeko ikasleek prestatutako klase irekia eskainiko du asteazkenean, arratsaldeko 7:30ean, zoom bidez (ikusi deialdiaren xehetasunak eta linka). Eta Prura pasatuz, Trujilloko Euskal Etxeak euskarari buruzko erakusketa egingo du Euskararen Egunean bertan eta abenduarean 6an, nazioarteko solasaldi bat (lotura https://us06web.zoom.us/j/84284545327),
Perutik atera gabe, Limako Euskal Etxean Bittor López kideak euskara klase magistrala emango du eta euskararen presentzia Liman gaia jorratuko du emango duen hitzaldia abenduaren 4an. Horren ostean, euskal etxera bertaratzen direnek elkarrekin afalduko dute “eta saiatuko gara gure arteko solasaldiak euskaraz egiten”, hitza eman dute antolatzaileek; eta, bukatzeko, Euskal Etxeak argitaratutako kantutegiarekin abestuko dute ordu txikiak arte. Berlingo euskaldunak eta euskaltzaleak ere bilduko dira abenduaren 4an, osteguna, mintza saio berezi bat egitearren. Jone Gonzalez ilustratzaileak sormen tailer bat koordinatuko du eta bildutakoek artelan bat sortuko dute elkarrekin. Informazio gehiago, hemen.
Uruguain, FIVUk biltzen dituen euskal etxeek abenduaren 6an ospatuko dute, Montevideoko Haize Hegoa-ren egoitzan, elkarrekin bazkaltzeko. Ikasleek eta irakasleek jolasak, ariketak, bideoak eta karaokea prestatuko dituzte arratsalde osoan euskaraz mintzatzeko. Informazioa, hemen. Londresen, Gabonetako bazkariarekin batera ospatuko dute Euskararen Eguna. Hitzordua abenduaren 6an izango da, Goodinge Community Centre-n. Lekuak mugatuak dira, erreserbak hemen. Bordaleko Euskal Etxeak Olentzeroren eskutik ospatuko du ENE. Abenduaren 6an Baionako 'Olentzeroren Lagunak' Elkarteak egindako 'Transmisioa' dokumentala proiektatuko dute, arratsaldeko 5etan, Olentzero ere partaide.
(Argentinako hitzorduak aste honetan argitaratuko dugun artikulu berezi batera bilduko ditugu)

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


