Boise, Idaho, AEB. Nevada-Renoko Unibertsitateko 'Center for Basque Studies Press' argitaletxearen eskutik, salgai dago online eta liburudendetan, "Trip to Idaho, 1938" ingelesezko izenburupean, Manu de la Sotak idatzita Euskal Herrian "Viaje a Idaho, 1938" izenpean argitara emandako lana, Maitena Iragorri editore. AEBko ipar mendebaldeko euskal komunitateak bisitatu ondoren idatzitako lan original argitaragabea Pamiela argitaletxeak plazaratu zuen bere bertsio originalean, eta BSUko (Boise State University) irakasle den Teresa Boucher-ek itzuli du ingelesera.
Sotak 1930eko hamarkadako kultura amerikarrari buruzko bere inpresioak kontatzen ditu, eta Idahon zein inguruetan aurkitu zituen euskal komunitateak deskribatzen. Bere egunkariak bertako euskal komunitatearen erretratu bizi eta ia etnografikoa eskaintzen du, ostatuak, bi hizkuntzatan aritzen ziren cowboy-poetak, funtsak biltzeko elkarte lehiakideak, egunkari bateko astero-asteroko zutabea, euskarazko irratsaio bat, hainbat gatazka eta eskandalu, dantzak, kirolak, euskal katolikoen eta apezpiku katoliko irlandarraren arteko tentsioak, eta artzaintza-lanen urteko zikloa, besteak beste.
1938ko euskal Idahoren lekukotasuna
Horrez gain, Sotak euskal-amerikarren errolda bat osatu zuen eta Euskal Herritik iritsitako lehen belaunaldiko etorkinen biografiak ematen ditu, eta gonbidatu zuten oturuntza guztietako menuak zehatz-mehatz biltzen ditu. Bere behaketa soziologikoek —pertsona arrunt baten ikuspegitik emanak— eta iruzkin ironikoek eleberri-kutsua ematen diote egunkariari. Liburuan agertzen diren ilustrazioak Boiseko Basque Museum & Cultural Center erakundeak eman ditu.
Liburuak eranskin bat ere badauka, Sotak Erbesteko Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zion txosten ofizialak biltzen ditu; izenen aurkibide bat ere badakar, gaur egungo Idahoko euskaldunentzat erreferentzia genealogiko baliotsua izan daitekeena. Bisitatu zuen komunitate bakoitzean, Gernikako bonbardaketari eta Frantzian zein beste herrialde batzuetan erbesteratutako euskal haurren egoera latzari buruzko dokumental bat proiektatu zuen, euskal-amerikarrak Europako euren herrikideekin lotzeko asmoz. Liburuak dokumental hori sarean ikusteko esteka ere badakar.
- Hemen eros dezakezu liburua (ingelesez)
- Hemen Pamielak argitaratutako gaztelaniazkoa

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


