Pergamino, Argentina. Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak giro bizian igaro du joan den urria. Izan ere, hilabete osoan ekitaldi programa jori bat antolatu dute elkartearen mende hiru laurdeneko ibilbidea ospatzeko. Jarduerak hilabete hastapenean abiatu ziren, eskualdeko mus txapelketa bat gauzatuz eta, Villa Maríako Euskal Aste Nazionaleko hitzorduaren ostean, urriaren 16an jarraitu zuten Kepa Junkerari buruzko “Berpiztu” dokumentala emanez. Urriaren 24an, larunbata, iritsi zen urteurreneko ekitaldi nagusia: festa handi bat, 160 gonbidaturen bilotzaile.
"Ez nuen inoiz imajinatuko Lagun Onak-en buru izango nintzenik haren 75. urteurrenean. Egiari zor, Euskal Etxea nire bigarren etxea da; eta biziki hunkigarria izan da, hain festa ederra, senide ditugun beste euskal etxe batzuekin partekatzea», adierazi dio EuskalKultura.eus-i Milena Badia lehendakariak. Berak aitortu bezala, aspaldikoa da EEaren duen lotura: lau urte zituela, bere amona Cecilia Larramendyk lehenengo aldiz eraman bertara. Garai hartan, dantzari bat eta txistulari bat joaten ziren Arrecifestik larunbatero dantza tradizionalak irakastera. Badia dantza-taldeko kide izan zen gaztetu arte eta, urte batzuren ondoren berriro itzulita, hainbat kargu bete zituen zuzendaritzan, azkeneko batzar nagusian lehendakari hautatu zuten arte.
Julio de Sautu (ezk) eta Jesús Artolazabal (esk) Lagun Onak-ko lehendakari Milena Badiarekin
Gau gogoangarri bat
Jaiaren gauak hunkidura eta errekonozimenduak uztartu zituen. Hasieran, dantzariek soka bat osatu zuten antzinako eran, EEko arlo bakoitzeko ordezkariak bilduz: amona bat, sukaldari bat, muslari bat... Micaela Zarosek eta zazpi urteko Sol Artolazabalek, fundatzailearen birbilobak, Agurra dantzatu zuten. Biziarteko lau bazkide berri izendatu zituzten ekitaldian, horien artean Julio de Sautu lehendakari ohi eta muslaria, eta Jesus Artolazabal, Etxearen fundatzaile eta bultzatzaileetako baten semea. Halaber, FEVAren zein Arrecifes eta San Nicoláseko euskal etxeen oroigarriak jaso zituzten, José C. Pazeko Toki Ederreko lehendakari Ezequiel Ugartemendia ere bertan zela.
Programa artistikoan, dantza-talde anfitrioien emanaldiez gain, Arrecifesko dantza taldeetako batek eta San Nicoláseko Haritz euskal musika-taldeak hartu zuten parte, azken honek bertaratutako guztiak kantuan eta dantzan jartzea lorturik. Gauaren une nagusietako bat Zuberoako Maskaradaren estreinaldia izan zen, bertako dantzariekin eta urteurrenerako berariaz jositako jantziekin. Aldi berean, txikien, gaztetxoen zein helduen taldeak piezak dantzatu ziren: Orpo punta eta haurren kalejira, jauziak, arku-dantzak, fandangoak eta arin-arinak, besteak beste, eta Pergamino, Arrecifes zein San Nicoláseko kideek osatutako Danborrada bateratuak bere burrunbaz girotu zuen festa. Proposamen gastronomikoak ere harrera bikaina izan zuen, bertan prestatutako oilaskoa piperradarekin, txistorra, euskal mokadu txikiak eta, gozo gisa, euskal tarta tradizionala zerbitzatu baitziren.
Zorionak, Lagun Onak!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


