Vitoria-Gasteiz. Abenduaren 1etik 13ra garatuko da Euskal Herrian, Gasteizen oinarrituta, munduko euskal etxeetako gazteentzako Gaztemundu programa, bere 2025eko edizioan. Eusko Jaurlaritzaren ekimen honek zortzi partaide izango ditu aurten, guztiak argentinarrak, eta euskal musika eta instrumentuak dira landuko duten gaia, gazte guztiak musikariak baitira euren euskal etxe eta komunitateetan. Partaideak atzo igandea iritsi ziren Loiura, eta berehala pasatu ziren Gasteizera, hiriari lehenengo bira gidatua eginez eta XIII. mendeko Santa Maria katedrala bisitatuz, aukera, bi asteotan programakide izango dituzten lagunak ezagutzeko baliatu eta guztia prestatzeko ikastaroa gaur hasteko.
Datozen bi asteetan, formakuntza saioak izango dituzte egunero goizez, musikari trebatu eta adituak irakasle, eta arratsaldez bisitak egingo dituzte Euskal Herrian barrena, tartean Guardia eta Arabar Errioxa, Gernika eta Gernikako Arbola eta Batzar Etxea, Añana Gesaltza, Durangoko Azoka, Hernaniko Musika Elkartea, Pobaleko burdinola, Bilboko Alde Zaharra, Gaztelugatxe eta Bizkaiko Zubia, Guggenheim Museoa, Donostia eta ingurua eta beste hainbat leku bisitatuz ekitaldi programa estu batean.
Ikasitakoa euren euskal etxeetan gauzatzea
Programako arduradun zuzena duten Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olano Astigarragak emango die ongietorria, eta egunotan aukera izango dute baita ere Pradales lehendakariarekin egoteko. Kontzertuak emateko, eta jendea dantzan jartzeko, trebatuko dira, praktikatuz eta materiala eta baliabideak eskuratuz, honen guztiaren helburua atzera euren euskal etxeetara itzultzen direnean ikasitakoa lanean jartzea baita.
Gogora dezagun azkenean zortzi direla 2025eko Gaztemunduk izango dituen partaideak, bost emakume eta hiru gizaseme: Sabina Calvaroso Baqueriza (Buenos Aires, Laurak Bat), Julen Calvoechene Trivero (Rosario, Zazpirak Bat), Rubén Darío Vázquez (San Nicolás, Euzkal Etxea), Lucía Arrarás Carrera (Santa Rosa, Zelaiko Euskal Etxea), Felicitas Urra (Bahía Blanca, Unión Vasca), Juan Pablo Bilbao Valiela (Arrecifes, Euskaldunak Denak Bat), Pilar Urbieta (Tres Arroyos, Hiru Erreka) eta Carolina Alessandrini (Buenos Aires, Euskaltzaleak).

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


