Iruñea-Pamplona. Nafar Diasporari lotutako hiru albiste azken egunetan gertatutakoak bildu ditugu artikulu honetara. Lehena, Nafarroako Gobernuaren bisita joan den larunbatean Valentziara, bertako Euskal Etxeak —"València Centre Basconavarrés Laurak Bat Euskal Etxea" da bere izen ofizial luzea— bere 75. urteurrenaren ondoko urte honetan, Nafarroako eta Valentzia bertako autoritateak partaide izan dituen ospakizunera. Nafar Gobernutik urtero egiten duten bisita da hau eta aurten, Sergio Pérez Kanpo Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia eta departamentu bereko Iñaki Xabier Martínez de Vírgala zuzendariak egin dute; aurtengoan Valentziako Generalitateko Parte-Hartze eta Gardentasun Idazkari Carmen Uriol bisitakide, biak ala biak goraipatu dutelarik elkarteak 1950etik hona egin duen bide emankorra. 1950-2025 epea errepasatzen duen bideoa ere ikusi zuten, baita bisitatu ere egoitzan bertan Nafarroa eta zinemari buruzko "Nafarroa besta bat izan zen (zinemarena)" erakusketa, Espainiako nafar etxeetan barrena ibiltari ari dena, azkenik pintxo eta nafar produktu dastaketa bat partekatzeko, ziento erdi bat pertsona ekitaldiotako partaide.
Bigarrena, joan den asteburuan baita ere, baina kasu honetan Nafarroan bertan, ekainaren 19 eta 20an, emigrazioari buruz Altsasun Laia Ikerketa Talde antolatzaile egin zen Nazioarteko Sinposioa. Gai guztiak emigrazioari eta Diasporari lotuta bazeuden ere (ikus hemen orduan argitaratu genuen programa) oraintsu arte Estatu Batuetan emigrante bizi izan den Jesus Goñi bertsolari oronoz-mugairitarrari eskainitako omenaldia ekarriko dugu hona. Izan ere, Sinposioak omenaldia egin eta Laia Ikerketa Taldearen lehenengo Laia Saria eman zioten Goñiri, elkarteko lehendakari Asier Barandiaranen eskutik jasota. Esker oneko bertso batekin erantzun zuen euskal-amerikarrak eta ondoren, horrekin Sinposioa amaitzen zenez, bertaratutakoak bertso bazkari bati ekin zioten, Sustrai Kolina eta Joanes Ilarregirekin kantari.
Hirugarrena, joan den astelehenean Argentinako Nafar Etxeetatik Iruñera urtero bezala Foru Gobernuak antolatutako 'Udako Eskolak' programan parte hartzera etorritako gazteei Nafarroako Jauregian egindako ongi etorria aipatuko dugu, Ana Ollo lehendakariorde eta kontseilaria harrera-ekitaldiko buru. Sanferminak baino egun batzuk lehenago antolatu ohi den egonaldia da hau, Bolivar, Buenos Aires, Mendoza eta Rosario nafar-argentinar zentroetako bina gazte ordezkari hauei Erresuma Zaharra goitik behera bisitatuz ezagutzeko ematen zaien aukera, aurten ekainaren 28ra arte, datorren igandera arte, garatuko dena. Nafarroako Jauregirako bisitaren aurretik, gazteak Iruñeko Alde Zaharrean ibili eta Udaletxera heldu ziren, han ere harrera jaso zutelarik Joseba Asiron alkateak egina. Astean zehar egin dituzten eta egingo dituzten plan eta bisiten artean, Santiago Bidea, Eunateko Santa Maria, Obanos eta Gares, patxaran upategi bat Abartzutzan, pilotaren historia Napikerekin, Erriberri eta Erribera, Tutera eta Bardeak, Zugarramurdi, Amaiur, Bertiz eta Elizondo, Orbaitzeta, Iratiko Oihana, Orreaga eta Donibane Garazi. Honela iritsiko dira larunbatera, Zangozako eskualdea zeharkatuz, Leireko monasterioa bisitatuz eta Xabierreko gaztelura oinez iritsiz, Xabieradaren azken zatia egin ondoren.
Hona gazte partaideen izenak eta nafar etxeak:
- Bolívar: Clara Fangio eta Adriana Delia Unzué Ardanaz
- Buenos Aires: Carla Altman eta Federico Dominé
- Mendoza: Federico Bustos eta Héctor García
- Rosario: Lucía Tettamanti eta Ignacio González

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



