Donostia-San Sebastián. Estatu Batuetan aurrera doa Kaliforniako Chinon, NABO Udaleku 2026, AEBko euskal etxe eta elkarteen federazioak urtero antolatzen duen 10-15 urte arteko haur eta gaztetxoentzako udalekua. Urtero euskal etxe diferente batek antolatzen du, eta bertako familiak arduratzen dira haur partaideei abegia ematen euren etxeetan, gero egunero Udalekua egiten den lekura eraman eta iluntzean handik jasotzeko.
Klaseak eta aisialdi eta libertimenduko saioak egiten dituzte, euskal kultura landuz eta aldiberean udatiar arituz Estatu Batuetako euren adineko beste hamaika bat euskal etxe eta estatutako laguntxoekin. 65 dira aurten haurrak, 11 laguntzaileak, hiru arduradun behinenak, eta hamaika Chinoko Euskal Etxea eta Southern California Basque Club (SCBC) euskal etxeetako kideak laguntzen. Joan den igandean Chinora gurasoek edo ahaideek eramanik heldu eta astelehenean hasi ziren egitarau programarekin, eta datorren asteko asteburuan bukatuko dute.

2025eko taldea, kasu honetan Ateak Ireki-koa, Lazkaoko Maizpide udalekuan lagun izan zutela
Eta desberdin, baina izpiritu eta auzolan kontzeptu bera eta euskaltzaletasuna transmititzea eta gazteen hazkuntza ere lokarri, datorren asteburuan iritsiko dira Euskal Herrira, Ipar Amerika, Australia, Argentina eta Uruguaitik, "Gaztemunduri Ateak Ireki" udako jardunaldietan parte hartuko duten 18 eta 25 urte arteko 50 gazteak. Herrialde horietako euskal etxe eta federazioak lankide, ekitaldia Batzen Kultur Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak antolatzen dute, tokiko Goieki eta Urremendi Landa Garapena elkarteekin.
Gazteak ekainaren 27tik uztailaren 19ra iraungo duten udako aipatu jardunaldietan hartuko dute parte, Euskal Herria zeharkatzen, tokian tokiko historia, istorio eta ikasgaiak ukitu eta esperimentatzen, bertako eragileek kontatu eta azaldurik, euskararekiko ezagutza eta barneko harreman bat izaten, klaseetan zein eguneroko praktikan; bertan murgildu eta bustitzen, eta bizitzan sekula ahaztuko ez duten esperientzia baliagarria izaten, eurak bezala Diasporakoa den adin bereko lagun berri koadrila batekin. Hori, bi zentrurekin, Gipuzkoako Goierri eta Bizkaiko Busturialdea-Urdaibai.
NABO Udaleku eta Gaztemunduri Ateak Ireki, bakoitzaren ezugarriak ezaugarri, bi ekimen eder ildoa markatzen dute edo markatu beharko lukete Euskal Herriaren eta bere Diasporaren arteko harremanetan loturak ezagutzatik, elkar-ezagutzetik, elkarrekin aritzetik eta horiek garatzetik abiatuta. Zorionak antolatzaileei!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


