euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zazpirak Bat eta Nafarroako Etxea partaide 42. Rosarioko Gizataldeen Jaian, aurten milioi batetik gora bisitarirekin

2026/11/24

Gizataldeak Rosarion: Zazpirak Bat Euskal Etxearen standaren aurrealdea, kide eta laguntzaileen familia-argazki jendetsua, emanaldiaren ondoren elkarrizketatutako Nafar Etxeko dantzari txikiak eta Nafar Etxearen standa identifikatzen duen kartela
Gizataldeak Rosarion: Zazpirak Bat Euskal Etxearen standaren aurrealdea, kide eta laguntzaileen familia-argazki jendetsua, emanaldiaren ondoren elkarrizketatutako Nafar Etxeko dantzari txikiak eta Nafar Etxearen standa identifikatzen duen kartela

PUBLIZITATEA

Rosario, Argentina. Rosarioko 'Gizataldeen Topaketa eta Jai Nazionala'ren 42. edizioa joan den asteartean, azaroaren 17an, amaitu zen, jaia bi egunez luzatu ostean euriagatik bertan behera utzitako jardunaldiak berreskuratzeko. Hitzorduak arrakasta handia izan zuen Bandera Parke Nazionalean. Azaroaren 6an hasi zenetik, 1.100.000 bisitaritik gora bertaratu ziren 56 gizatalde bildu zituen jaialdira: horietako 49k stand gastronomiko eta kulturalak jarri zituzten, eta gainerako zazpiek emanaldi artistikoak eskaini zituzten soilik. Aurten ere, hiriko Zazpirak Bat Euskal Etxea eta Rosarioko Nafar Etxea bildu ziren partaide Rosarioko Udala, Rosarioko Turismo Erakundea (ETUR) eta Rosarioko Atzerriko Gizataldeen Elkartea antolatzaile dituen jaira.

Zazpirak Bat Euskal Etxeak euskal sukaldaritza gune zabala eta stand kulturala zabaldu zituen jaigunean. Bertan, mapak, euskarari buruzko informazioa eta euskal abizenak kontsultatzeko bibliografia jarri zituen ikusgai. Kultura egitarauari dagokionez, azaroaren 7an, larunbatean, Gure Haziak, euskal etxeko haurren taldea igo zen oholtza nagusira. Euskara ikasleen taldeak, berriz, abesti tradizionalak kantatu zituen eta helduen dantza taldea, Gaztedi Zutik, agertoki nagusira ere igo zen, asteartean, jaiaren azken egunean. Eskaintza gastronomikoak, Trainerako Itziar Aguirreren eskutik, txistorra eta txipiroi ogitartekoak, itsaski-arroza, tortilla eta pintxoak eskaini zituen, eta postrerako, natillak eta euskal pastela, Juliá & Echarren eta Txapela sagardoekin batera.

Fanfarrea eta dultzainak

Rosarioko Nafarroako Etxea, bestalde, partaide izan zen bere dantzekin azaroaren 6ko inaugurazio-jardunaldian, eta bere hiru dantza taldeek —txikiak, ertainak eta helduak— ikuskizunak ere eskaini zituzten topaketako hainbat gautan standaren aurrean. Janari-edarietan ere produktu tipikoak izan ziren bere standeko protagonista: tortilla, txipiroiak, paella, solomo eta urdaiazpiko ogitartekoak, arrain-enpanadak, euskal pastela eta, besteak beste, zurrakapotea. Horrez gain, elkartearen bereizgarri diren fanfarreak eta gaiteroek giroa alaitu zuten jaiguneko gauetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia