Koblenz, Alemania. 2026 urte hasieran iragarri zuten programari zintzo eutsiz, Koblenz-ko Txengel Etxeak bertako ‘Adventsbasar’en edo Abendualdiko Azokan burutuko dituen ekintzen berri eman du. Gabon eta urte amaiera giroko ekitaldi hau azaroko azken asteburuan egingo da Gülseko festplatzen, hilaren 28 eta 29an, hiru ardatz nagusirekin: euskal musika zabalduko du oholtzetan, musika eta txikientzako jarduerak agertuko ditu plazan bertan eta euskal janaria eta edariak eskainiko ditu ezarriko duen euskal standean.
Musika ikuskizunari dagokionez, Mikel Arrizabalagak (panderoa eta ahotsa), Karlo Tchouryk (gitarra eta ahotsa) eta David Lopez Larekik (eskusoinua eta zarrabetea) euskarazko honako errepertorioa taularatuko dute: ‘Urruti Nere Menditik’, ‘Ikusi Mendizakeak’, Mikel Arrizabalagaren letra duen ‘Arin-Arin’ bat, ‘Haika Mutil’ eta ‘Olentzero’. Euskal Etxetik azpimarratu nahi izan diote EuskalKultura.eus-i Karlo Tchoury, “hirugarren belaunaldiko euskal jatorriduna” dela Diasporan eta eusten diela erroei, izan ere Ipar Euskal Herrian, Xiberoko Ezpeize-Ündüreingoak.
Baina oholtza gainean ezezik, plazan ere entzungo da euskal musika, Euskal Etxeko lagunek bertan muntatuko duten txalapartari esker. besteak beste, partaidetza bultzatuko dute eta publikoak txalapartara hurbildu eta jotzeko eta jolasteko aukera izango du. Horrez gain, txikientzako jarduerak ere eskainiko dituzte, tartean eskulanak, eta egurrezko jolas tradizionalak, hala nola zibotak eta sokak.
Azokak iraungo dituen bi egunetan, txozna moduko egurrezko txabola tipiko bat ere muntatuko du Txengel Etxeak, eta bertan euskal edariak –Gipuzkoako sagardoa, Nafarroako ardo gorria eta euskal errezetaz Alemanian, Mosel haraneko basaranez egindako etxeko patxarana– zerbitzatuko dituzte, euskal menua ere –Arbizuko txistorra, euskal gazta tarta, eta bonboiak,‘bilbainitos’-en antzekoak– eskainiz.
Euskulinarik, euskal sukaldaritza Koblenz-en
Euskal etxe gaztea da Txengel Etxea –aurtengo maiatzean lortu zuen Eusko Jaurlaritzaren onarpen ofiziala– eta lan handia ari da egiten antolatzen dituen zenbait proposamen finka daitezen eta urteroko ekintza bezala geratu. Asmo horrekin antolatu zuten, antolatu ere, 'Euskulinarik' sukaldaritza elkarretaratzearen lehenengo edizioa. Elkarteko lagunek hartu zuten euren gain janaria eta oro har topaketa bere prestatzeko ardura eta ondo baino hobeto atera zela baietsi digute. Izan ere, pentsatzen hasiak dira dagoeneko bigarrenaren edizioa zein egunetan egingo.
'Euskulinarik'en, euskal janariak ez ezik, kantak eta musika ere 'zerbitzatu' zituen Euskal Etxeak
Ekintzak herrian bertan antolatzeaz gain, eskualdeko beste herri batzuetara ere mugitzen dira Txengel Etxeko lagunak euskal kulturarekin bat egitera. Horregatik izan ziren John Kellyk eta Maite Itoiz sopranoak Capitol Mannheim-en egindako kontzertuan, Nafarroatik joanik.
John Kelly eta Maite Itoiz-ek eskaini kontzertura joan ziren EEkoak eta etxeko patxarana eman zieten opari
Nafarron bizi badira ere, kontzertu biran dabiltza Europan John Kelly eta Maite Itoiz, "Best of 20 Years - Anniversary Tour 2026" izeneko tour-ean, eta eskaintzen duten errepertorio barruan, Mikel Laboaren ‘Haika mutil’ eta ‘Txoria txori’ kantak abestu zituzten publiko alemanaren aurrean.
- Txengel Etxea Instagramen, txengeletxea

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


