Berlin, Alemania. Garrantzi handiko bi ekitaldiz gozatu ahal izango dute hilabete honetan hiriburu alemaneko euskal musikazale, kulturazale eta enparauek. Hiriko Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein Euskal Etxea antolatzaile, azaroaren 3an eta 4an ‘Beide’ (‘biok’ nahi du esan alemanez) Kultura Bizkaia & Berlin jaialdia antolatu du, Euskal Herritik propio etorriko diren zenbait musikari, kirolari eta kultura erreferente partaide direla.
“Euskal kultura Berlinen ezagutarazteko eta bi komunitateen arteko topagune bat sortzeko” helburuarekin, azaroaren 3an, asteartea, 12:30ean, euskal herri kirol erakustaldia eskainiko du Getxo Herri Kirolak taldeak. 18:45etik aurrera, berriz, Xabi Aburruzaga trikitilariak eta Maria Rivero kantautore bizkaitarren kontzertuak taularatuko dira.
Azaroaren 4an, asteazkenean, 18:00etatik aurrera, eta hauek ere Bizkaitik propio iritsitakoak, Itziar Ituño abeslari duen Ingot taldeak joko du; ondoren ‘Ez Dok Bape’ taldea arituko da eta programa ixteko Maurizia Aldeiturriaga Zabalaren biografian oinarritutako ‘Nor da Maurizia’ irakurketa dramatizatu eta musikatua aurkeztuko du Zelako taldeak.
Jaialdia Berlingo TAK Theater Aufbau Kreuzberg antzokian egingo da, sarrera doakoa.
2026ko Baskisches Filmfest
Azarotik atera gabe, hilaren 13tik 15era, Baskisches Filmfest, Berlingo Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Euskal Zinemaren Jaialdia, egingo da hiriko Kino Moviemento zinema-aretoan, iluntzeko 20:00etan. Aukeratutako filmak 2025ko ekoizpenak dira eta euren jatorrizko euskarazko bertsioak eskainiko dira, azpitituluak alemanez. 2026ko zinemaldi belindarrari hasiera emateko Asier Altunaren ‘Karmele’ filma proiektatuko dute, azaroaren 13an, ostiralean.
Larunbaterako –azaroak 14– aukeratutako izenburua Sara Fantovaren ‘Jone, batzuetan’ izan da eta iganderako, –azaroak 15–, eta zikloari amaiera emateko, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako ‘Maspalomas’ film sariduna proiektatuko dute.
'Karmele' filmaren trailerra
'Jone, batzuetan' pelikularen trailerra
'Maspalomas' pelikularen trailerra
Berlingo Euskal Zinemaren Jaialdiak Etxepare Euskal Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren babesa du.
- Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein Euskal Etxea Instagramen, gernikaberlin

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


