euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alberto Irigoyen eta Xabier Irujo historialarien euskal erbesteratzeari buruzko liburu berria plazaratu du EHUk

2026/11/16

Xabier Irujo eta Alberto Irigoyen-en ‘Historia del exilio político vasco (1939-1979). Comunidades políticas diaspóricas’ liburuaren azala
Xabier Irujo eta Alberto Irigoyen-en ‘Historia del exilio político vasco (1939-1979). Comunidades políticas diaspóricas’ liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Argitalpen Zerbitzuak eskuragai ipini du dagoeneko bere webgunean Xabier Irujo Ametzagak (Caracas, 1967) eta Alberto Irigoyen Artetxek (Montevideo, 1959) idatzitako azken liburua. ‘Euskal erbesteratze politikoaren historia (1939-1979). Diasporako komunitate politikoak’ (‘Historia del exilio político vasco (1939-1979). Comunidades políticas diaspóricas’). Ikerlana hamabost ataletan dago antolatuta, kronologikoki, 1936an Euskal Estatu Autonomoa sortu eta ideologia abertzalea gauzatzen hasi zenetik, Jose Antonio Agirre Lehendakariaren heriotzeraino eta Jesus Mari Leizaola Lehendakari bihurtu zen arte.

“Europan eta Amerikan atxikita dauden hainbat artxibotako iturri zuzenetan oinarrituta, liburuak 1936-1979 urteen bitarteko euskal erbesteratzea jorratzen du”, azaldu dute egileek. “Parisetik, Londrestik eta New Yorketik Caracasera, Montevideora eta Buenos Airesera gerrak, okupaziok eta diktadurak sakabanatutako herri baten ibilbidea aztertzen du; nola erbesteratzea erresistentzia modu bat bihurtu zen, lau hamarkadatan zehar; erresistentzia politiko, kulturala eta instituzionala”, adierazi dute.

Horren harira, historialarien lanak ikertu dute nola eratu ziren diasporako komunitate politikoak, erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzari lotuta eta erakunde, elkarte eta lagun askok sortutako nazioarteko sareari esker. “Sare horrek mantendu zuen bizirik Euskal Herriaren jarraipen politikoa eta lortu zuen euskal kausa nazioartekotzea”, zehaztu dute ikerlariek.

Bosgarren liburua elkarlanean

Gogora dezagun euskal gaietan erreferente diren Alberto Irigoyen eta Xabier Irujo Diasporako seme direla biak. Eskarmendu handikoak dira genozidioa, migrazioa, euskal diaspora eta erbesteratze politikoa Amerikan gaietan. Elkarrekin lanean plazaratu dituzten izenburuen artean daude ‘La Hora Vasca del Uruguay, Génesis y desarrollo del nacionalismo vasco en Uruguay (1825-1960)’; ‘La hora vasca de Venezuela. La Administración del Gobierno de Euskadi y el exilio político vasco de Caracas (1939-1979)’; ‘La Sociedad de Confraternidad Vasca Euskal Erria de Montevideo’ eta ‘Un regalo para Hitler’ eleberria. Aurten kaleratutako liburuan, berriz, euskal historia garaikideko gertaera sozial eta politiko garrantzitsuenetako baten inguruko interpretazio berria proposatu dute historialariek.

Liburua salgai dago EHUko Argitalpen Argitalpen Zerbitzuaren webgunean. Aurkibidea eta sarrera hemen kontsulta daitezke.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia