Villa María, Argentina. Urriaren 10ean, Villa Marian egingo den Euskal Aste Nazionalaren baitan, Alberto Irigoyen historialari uruguaitarrak eta Josu Legarretak (1986tik 2009ra Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari izana) ‘Gernika en Argentina: expandiendo el fruto’ (Gernika Argentinan: fruitua zabalduz) izenburuko liburua aurkeztuko dute. Liburua La Platako Euzko Etxeak argitaratu du, La Platako Unibertsitate Nazioanalarekin eta Universidad del Este ikastetxearekin batera.
Atera berri berria den liburuan hainbat probintzia argentinarretan kokatzen diren kimuen datuak biltzen dira, probintzietan Buenos Aires, Chubut, Córdoba, Entre Ríos, Jujuy, La Pampa, Mendoza, Misiones, Neuquén, Río Negro, San Luis eta Santa Fe daudela, 60 bat hiri eta herrietan. Arbolei eta kokatzen diren enparantzei buruzko informazioaz gain, tokiko euskal etxeen historia, arbolarekin lotura duten pasadizoak eta euskal kulturaren erreferente direnen testigantzak ere biltzen dira. Argazki ederrak ere badakartza.
Iturri primarioak erabili zituzten gehienbat ikerlariek, “garaiko egunkariak batez ere, Urazandi bilduman digitalizatuta daudenak”, azaldu dio Irigoyenek EuskalKultura.eus-i. Ekin Argitaletxearen argitalpen batzuk ere erabili dituzte eta, bereziki, elkarrizketa eta lekukotasunak. “Horretarako, ezinbestekoa izan da Josu Legarretak Argentinako euskal gizataldearekin dauzkan harremanak. Ehundik gora lagunek eskaini ziguten euren testigantza, eta bakoitzari, esker beroak ematen dizkiogu liburuan, eurei esker izan baita posible”, jakinarazi digu uruguaitarrak.
Aurkezpen egutegia
Lburuaren lehen aurkezpena, esan bezala, urriaren 10ean izango da, larunbata, 15:45etan, Villa Maríako Nekazaritza Elkarteko aretoan, urriaren 5etik 11ra ospatuko den 2026ko Euskal Aste Nazionalaren programa barruan. Ondoren, eta agenda kontuak direla eta, Legarretak bakarrik jarraituko du aurkezpen birarekin, honako hitzorduekin: La Platako Euzko Etxean, urriaren 13an, asteartea, 19etan; Mar del Platako Denak Bat-en, urriaren 14an; Necocheako Euzko Etxean, urriaren 15ean, osteguna; Tandilgo Gure Etxean, urriaren 16an, ostirala, 19etan; eta Buenos Airesko Eusketxen, urriaren 18, 18etan.
La Platako Euskal Etxeak ez dauka liburua argitaratzearekin etekin ekonomikorik lortzeko asmorik eta doan banatuko du euskal etxeen eta liburuan testigantzak eman edo laguntzaile izan diren kolaboratzaileen artean. Hala ere, erosi nahi duenak euskal etxe laplatatarreko idazkaritzarekin jar daiteke kontaktuan, secretaria@cvascolaplata.org.ar helbidearen bitartez.
Liburuaren egile izan diren bi idazle eta ikerlariok jardunbide oparoa dute euskal diasporari buruz idazten. Besteak beste, Josu Legarreta Bilbao (Fruiz, Bizkaia, 1948) ‘Somos Vasco-Argentinos’ (2016); ‘Adiós, Madre Patria’ (2017) eta ‘Euskal-Echea, Proyecto Educativo de Emigrantes vascos’ (2022) liburuen egilea da; eta gaur egun ‘La casa de todos. Centro Basko Euzko Etxea de La Plata (1944-2024)’, ari da idazten Magdalena Mignabururekin batera.
Alberto Irigoyen Artetxe (Montevideo, Uruguay, 1959) historialari diasporan adituak ere artikulu ugari argitaratu ditu euskal migrazio eta erbesteratzeaz. Bitan jasoa da Eusko Jaurlaritzaren Andrés Irujo Saria, ‘Laurak Bat de Montevideo, primera euskal etxea del mundo. 1876-1898’ (1999) eta ‘La Sociedad de Confraternidad Vasca Euskal Erria de Montevideo’ (2007) liburuekin, bigarrena Xabier Irujor idazlekide. ‘Gernika en Uruguay: expandiendo el fruto (2023)’ ere idatzi zuen, Servando Echeverriarekin batera, eta azken liburu hau izan zen, nolabait, orain Argentinan aurkeztu behar duten liburuaren abiapuntua.
- La Platako Euzko Etxea Instagramen, centrobasko

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


