euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporaren Eguna 2026 munduan, gainbegirada laburra (I): erakundeen ekitaldia eta Pradales, hitzordu bariatuenekin

2026/10/06

Uruguain, Euskal Herritik etorritako 60 bat truke ikasle bertaratu ziren Haize Hegoak antolatutako Diasporaren Eguneko erromeriara
Uruguain, Euskal Herritik etorritako 60 bat truke ikasle bertaratu ziren Haize Hegoak antolatutako Diasporaren Eguneko erromeriara

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Ospatu da, ederki ospatu ere, beste urte batez Euskal Diasporaren Eguna (EDE) eta duela aste bat eskasera arte munduko hainbat euskal etxetan, eta baita Euskal Herrian bertan ere, jende-bilgarri eta bateratzaile izan da, harrotasun eta atxikimendu aktibo eta etorkizun aldarrikatzaile. 2018an Eusko Jaurlaritzak luzatutako proposamenak, harrera ederra lortu du geroztik munduko euskal gizataldeetan eta urtero euskal etxeek eta mundu zabalean sakabanatuta dauden euskaldunek eta eurekin bat, uskal Herriarekiko lotura sakona duten lagunek eta dagoeneko munduko euskal familian lekua irabazia dutenek euren izera aldarrikatu eta sanoki ospatzeko eguntzat markatua dute egutegian. Komunitate ireki baten adierazgarri da EDE, "euskalduna izate eta sentitze" hori nola bizi den eta zein jarrera eta jokabide aktiboan dagoen bizirik azaleratu, plazaratu eta partekatzea helburu duen egunean, ospatzea zeure burua finko baieztatuz baitu xede.

Urtero bezala, argituko dugu ez dugula hemen kronika orobilgarria egin nahi; mundu osoan eguna nola bizi izan zen isla dezaketen saio edo ekitaldi nabarmenenetako batzuk aurkeztu baizik. Argentinako ekitaldiak beste artikulu batean jorratu ditugu. Munduan barneratzen abiatzen aurretik, eta Euskal Herritik bertik hasita, gogora dezagun Lehendakaria buru izan zuen ekitaldi instituzionala Lapurdiko kostaldean, Donibane Lohizunen, egin zela. Pradalesekin eta haren kabineteko kide batzuekin batera, bertan izan ziren Alain Iriart, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko lehendakariordea; eta hiriko alkate Jean-François Irigoyen, foru aldundietako eta beste erakunde batzuetako ordezkariekin batera, herritarrak eta diasporako kideak ere tarteko. Ekitaldiak Agirre Lehendakariaren legatua omendu zuen —Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrena ospatuz—, eta bertan izan ziren Agirre familiako ordezkariak ere. Antzazlan batek, Patxo Telleria eta Fernando Bernués testugile eta Agurtzane Intxaurraga zuzendari, diztira eman zion omenaldiari. Bere hitzetan, Imanol Pradalesek Diasporari buruzko Lege berria aipatu zuen —egun bere ibilbidea hastekotan dena—, eta aitortu zuen Munduko Euskal Komunitatea Euskal Herriaren nazioarteko funtsezko aktiboetako bat dela.

Europako euskal etxeen artean, Mallorcako Artea Euskal Etxeak irailaren 8ko aurreko asteburuan ospatu zuen Diasporaren Eguna, asteburu osoan luzatu zen Palmako 'Tapeo' Azokaren baitan, Parc de la Mar-en. EEko boluntarioek prestatutako pintxoak eta euskal edariak eskaintzeaz gain, txalaparta soinuak ere oparitu zizkieten azokako bisitariei. Madrilen, berriz, irailaren 8an bertan ospatu zuten EDE Euskal Etxean, Euskal Orfeoiaren eta Gure Folklore taldearen eskutik. Lehenik egoitzaren kanpoan, eta ondoren barnean. Euskal Etxeko lehendakari Román Zurutuzak bildutakoei hitz egin zien eta Urkullu lehendakari ohiaren hitzak bereganatu zituen “euskal etxeei esker katea ez da moztu” aldarrikatuz. Bruselako Euskal Etxeak ‘txotx’ egin zuen Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko, Sagardotegi Gau batean. Euskal sagardoa, talo ederrak eta musika eta dantzarekin ordu txikiak arte.


Imanol Pradales lehendakaria Donibane Lohizunen egindako ekitaldi instituzionaleko buru


Mallorcako EEko kideak Palmako Pintxo Azokako euren standean ospatu zuten Diasporaren Eguna


Madrilgo Euskal Etxeko ospakizuna, laukian bere lehendakari Román Zurutuza bildutakoei solasean


Bruselako Euskal Etxeak Sagardo Gaua antolatu zuen Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko


Utah-ko Euskal Etxeko kideak arratsalde ederra pasatu zuten euskal giroan komunitatea egiten


Kaliforniako Chinon, Menditarrak eta Bizphiru Pelau girotzaile, bertako piknika aldiberean


Limako Euskal Etxeko ospakizunean, Euskal Herriko unibertsitari eta truke ikasleak partaide


Trujilloko Euskal Etxeko buru den Wilfredo Lizarzaburuk EDEko hitzaldia eman zuen Cajamarcan


Txileko Euskal Gizataldea EEko dantzariek Euskadiren Ordezkaritzaren errekonozimendua jaso zuten


Lagun ugari Montevideon, Euskaro EEak antolatutako Jesus de Galindezi buruzko hitzaldian


Uruguain ere, giro ederra Floridako Euskal Etxeak FIVUrekin batera antolatutako afarian

Estatu Batuetan, Utah-ko Euskal Etxeko kideek “primeran” pasa zuten propio Euskal Diasporaren Egunean bertan EDE ospatzeko antolatutako piknikean. Chinoko Euskal Etxeak, berriz, urtero irail hasieran egiten duen bere piknik bestarekin errezibitu zuen EDE. Euskal Herritik propio etorritako kantari eta musikarien artean, Bankako Menditarrak gizon kantaria taldea eta Bizphiru Pelau musika taldea aritu ziren, pilota partida, zozketa, meza, euskal dantza emanaldiak, dantzaldi eta erromeriak eta bestelako euskal kultur tradizio adierazpenekin.

Latinoamerikako euskal etxeek ere egin zuten bat Euskal Diasporaren Egunarekin. Perun, Limako euskal gizataldeak bat egin zuen Arantzazu Ama Birjina ohoratzeko ekitaldiekin. Horrez gain hitzaldiak, euskal kantak eta lagun arteko afaria ere sartu zituzten festako programan. Trujilloko Euskal Etxeak, berriz, ‘Migración y Diáspora-Diáspora Vasca’ izenburuko hitzaldia eskaini zuen, Cajamarca hirian, EEko arduradun Wilfredo Lizarzaburu hizlari. Santiagon, Txileko Euskadiren Ordezkaritzak Diasporaren Eguna eta Winnipeg itsasontzia herrialdera iritsi zeneko 87. urteurrena batu zituen ekitaldi berean. Zeremonian errekonozimendu bana eman zieten Txileko Euskal Gizataldea EEko Euskal Dantza Taldeari, Winnipeg Itsasontziaren historiarekin erabat lotuta dagoen Santiagoko Euzko Etxeko Abesbatzari eta Jesus Peña Hernandoren familiari, Txilen bizi izan zen Winnipegeko bidaiariari. 

Uruguain FIVUk eta Floridako EEak herriko Nekazaritza Elkartean ospatu zuten, Federazioak elkartzen dituen euskal etxeekin batera. Servando Echeverria buru duen Vasconia Florida elkarte anfitrioiak, bnertaratu ziren Haize Hegoako Julio Poittevin eta Mariel Fernandez Artasanchez; Euskaroko Lucia Goñi; Ibai Ondoko Etxeko Julian Ariztia eta Miguel Asqueta; eta San Joseko Zenon Echeverry jaso zituen, besteak beste. Montevideon, Euskaro Euskal Etxeak Juan Pedro Arinek “Jesús de Galíndez: la tumba abierta” hitzaldia eskaini zuen. Eta Haize Hegoak Euskal Diasporaren Eguneko erromeria antolatu. Euskal Erria Euskal Etxeak irail osoan ospatu zuen. Ekitaldi nagusiak, hala ere, irailaren 18an, Sukaldaritza Zikloa eta donazioa, eta irailaren 26an, ‘Azul eta Balin’ Pilota Txapelketa izan zirela.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia