Tandil, Argentina. Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko 'Betirako' euskal dantza taldeak bi asteko bidaia hasiko du datorren igandean Euskal Herrira. Abuztuaren 30etik irailaren 13ra egingo duten bidaia ikasketa eta murgilketa bidaiatzat prestatu dute. Izan ere, talde tandildarrak dantza ikastaroak jasoko ditu Ipar zen Hegoaldean tokiko adituekin, dantzari arituko dira —euskal dantzekin batera momenturen chacarera argentinarren bat ere eskainiz— bertako euskal festa batzuetan, eta agerraldi bat eskainiko dute baita ere irailaren 8an Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko, Eusko Jaurlaritzak Donibane Lohizunen gauzatuko duen ekitaldi instituzionalean.
Taldeak gogor egin du lan lan bidaia gauzatu ahal izan zedin, euren baliabideekin ordainduz hegazkinak eta gastuen gehiena, baina azkenean 11 kideko espedizioa osatu dute, euren artean Euskal Etxeko bi ordezkari instituzional (Graciela Confalonieri Zabala lehendakaria eta Marily Harguindeguy zuzendaritzakidea) eta bederatzi dantzari: Lourdes Peirano, Valentina Brito, Unai Hernandez, Carolina Minaberry, Sofia Errasti, Micaela Zabaleta, Mariana Ballent, Facundo Etchegaray, Paz Bidauri, Gabriela Di Giano eta Sara Urbieta (zuzendaria).
Bidaia Gure Etxeak sustatzen duen "Herentzia bizia" izeneko kultura eta formakuntza proiektu zabalago baten barnean kokatzen da. Proiektua Tandilgo Udalak "Udal interesekoa" aitortu du eta ekimenaren barnean, Euskal Etxeak estreinatu -berri-berria du joan den igandean, abuztuaren 23an, izen bereko dokumentala, 2025ean Tandilek abegitu zuen Argentinako Euskal Aste Nazionalaren barruan grabatua, lekukotasun ederra emanez Tandil bezalako herri batean euskal kultura eta identitateak dauzkaten errotze eta engaiamenduaz. Dokumentala, besapean ekarri dute eta egunotan pare bat lekutan erakutsiko dute Euskal Herrian.
Maule eta Eibar izango dira taldearen loleku. Taldeak biziki eskertu nahi die Mauleko Jean Bordachar eta Aitzindariak elkarteari euren sostengu eta laguntza; eta Eibarren, gauza bera, Oier Araolaza eta Josu Garateri, eta Kezka eta Dantzan.eus-i ere, euren ahalegin eta laguntasunari esker muntatu ahal izan baita proiektua. Euskal Etxe barruan ere, Zuzendaritzari nahi diote eskertu proiektua hasieratik sostengatu izana.
Bi asteetako ibilbidea
Taldea abuztuaren 30ean, igande goizaldean, iritsiko da Buenos Airestik Madrilera, eta egun horretan bertan arratsaldez Maulera. Xiberotar hiriburuan, astelehen goizean formakuntzak izango dituzte goizez, eta arratsaldez bisitak Donibane Garazi, Baiona eta Biarritzera. Asteartean, goizez errepikak, eta arratsaldez Maule eta Holtzarteko Zubia bisitatuko dituzte. Maulen egingo dute "Herentzia bizia" dokumentalaren EHko estreinaldia. Asteazkenean, irailak 2, Eibar aldera goiz atera (euren bigarren lolekua izango dute Eibar) eta goizez lehen entsegu edo errepika eta gero Errenteriako Jantziaren Zentroari bisita, beste errepika bati ekinez. Irailaren 3an, irteera Gernika eta Omara, Gaztelugatxeko Doniene, Bilbo, Euskal Diasporaren Artxiboa eta Alde Zaharra. Ostiralean, egun osoan formakuntza Eibarren.
Larunbatean, hilaren 5ean, Lekeitiora Antzar Egunera eta eguerdiz Areatzara, bertako Euskal Diasporaren saioetan aritzera, Xabier Aburruzaga lagun. Igandean, irailaren 6an, Donostiako estropadak. 7an, astelehena, Entsegua Donostian eta bisita San Telmo Museora. Asteartean, hilak 8, Ezpata-dantza dantzatuko dute Kezka dantza taldearekin Arraten, eta arratsaldez, Euskal Diasporaren Egunean, Donibane Lohizuneko ekitaldi instituzionalean, lehendakaria buru. Asteazkenean, 9an, Zarauzko Euskal Festak. Ostegunean, 10ean, egun osoa entsegua Beasainen. Ostiralean, irailak 11, eguna Iruñean, hiria ezagutzen eta entsegua bertako Duguna dantza taldeko lagunekin. Larunbatean, 12an, egun osoa formakuntzan Beasainen Kezkako lagunekin. Igandean, amaiera.
[Programan aldaketak egon daitezke]

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


