euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Diasporaren Eguna dela-eta aldarria eta ospakizunak irailaren 8an, baina hil osoan oro har EHan eta munduan

2025/09/03

2025eko Euskal Diasporaren Eguneko bi kartel: Trujilloko Euskal Etxeakoa (Perú) eta Montevideoko Euskal Euskal Erriakoa (Uruguai)
2025eko Euskal Diasporaren Eguneko bi kartel: Trujilloko Euskal Etxeakoa (Perú) eta Montevideoko Euskal Euskal Erriakoa (Uruguai)

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Egun gutxi falta dira datorren astelehenerako, irailaren 8a, eta beraz Euskal Diasporaren Eguna (EDE), izan dadin. Gogora dezagun Eusko Jaurlaritzak irailaren 8a ezarri zuela 2018an urtero EDE ospatzeko data gisa, izan ere egun horretan 1522an amaitu baitzuen Juan Sebastian Elkano nabigatzaile getariarrak munduari emandako lehenengo bira. Aurten ere hala antolatu da ekitaldi instituzionala, astelehenarekin, oraingoan Markina-Xemeinen (Bizkaia), Pradales lehendakaria buru izango duen ekitaldia, edizio honetan pilota eta zesta-punta, munduan eta historian nazioarteko kantxetan euskal pilotari ibili diren gizon-emakume guztiak omentzeko, Euskal Herriaren ikur eta enbaxadari izan baitira hamaika herrialde eta munduko bazterretan, zabaldutako deiak aipatu duenez. Markinako deialdiaz artikulu bereizia argitaratuko dugu.

Aurtengoa ere, beraz, eta zortzigarrenez, asko izango dira mundu osoan barrena Euskal Diasporaren Eguna ospatuko duten euskal etxe, elkarte, norbanako eta taldeak, bat eginez euren izatea bera eta Diasporatik Euskal Herriari egin zaion/egiten zaion ekarpena aitortzeko aldarriarekin. Urtero bezala, EuskalKulturak ez du artikulu honekin hitzordu eta ekitaldi horien guztiak zerrendatzeko asmoa, bai baina EDEren edizio berri honen panoramika bat ematearena, deialdi esanguratsuenetako batzuk bilduz. Argi gera bedi, euskal etxeetako batzuk irailaren 8an bertan ospatuko dutela Eguna, baina hainbat izango direla euren ekitaldiak data horren aurreko eta ondoko asteburu eta asteetan finkatuko dituztenak, bakoitzak, bere herrialde edo herrian, hobeki dagokion momentuan, axola duena bat egitea baita, parte sentitzea eta senidetasun aldarria helaraztea munduko hainbat lekutatik. Argentinako deialdiak artikulu bereizitu batean bilduko ditugu.

Honela, Londresko Euskal Etxeak, London Basque Society-k, bazkari-elkarretaratze batera deitu du irailaren 6an. Informazioa, hemenMontevideon Euskaro Euskal Etxeak ere larunbatean egingo ditu bere ospakizunak eta bere ohiko Bingoa antolatuko du, egunari eta bere esanahiari buruzko informazioa banatuz bildutakoei. Hiriko Haize Hegoak, berriz, afaria antolatu du astelehenean bertan eta astean zehar bere kideek bertako eskola batzuk bisitatuko dituzte Euskal Herriari eta Diasporaren Egunari buruzko informazioa zabalduz. Informazio gehiago, hemen.

Montevideon ere,baina Euskal Erria Euskal Etxeak hiru eguneko programa prestatu du: irailaren 8an, janari dohaintzak bilduko ditu ‘Ollas populares Ciudad Vieja’ elkarteari pasateko. Irailaren 13an,, Baldomero Ansoren omenezko ‘Pilota Urdina’ txapelketa hasiko du; eta irailaren 19an, Sukaldaritza eta Kultura Zikloa inauguratuko du. Uruguai Ipar-mendebalderako, Salton ere ospatuko dute Euskal Diasporaren Eguna, larunbat honetan. Saltoko Euskaldunen Taldeak ‘Euskal Marinelak’ izenburuko hitzaldira gonbidatzen du, ‘Mercado 18 de julio’ko bere egoitzan izango da eta Liburu Azokaren baitan. Hizlaria, Jorge Supparo Iraola.

Limako Euskal Etxeak, Perun, Mirafloresko bere egoitzara gonbidatzen ditu euskaldunak eta euskaldunen lagunak, kasu honetan irailaren 11an, honako programarekin: euskal kantak abesbatzarekin, dantza, Euskal Etxeari buruzko ikus-entzunezkoa pantailaratuko dute eta azkenik lagunen arteko afaria egingo: Partaide, Euskadiko gazte kooperanteak, Ttipi Ttapa taldeko euskara ikasleak, eskulanen taldeko kideak eta Liman dauden hainbat euskaldun. Trujillon, berriz, bertako Euskal Etxeak bere bategite festa irailaren 7an, igandean, ospatuko dute, bazkari batekin, esan digu, Pasaje Suiza kaleko egoitzan. Informazio gehiago, hemen. Txileko Santiagon, 'Euskal Mitologia' erakusketa inauguratuko dute EDE ospatzeko bertako Txileko Euskal Gizataldea EEkoek, irailaren 10ean, 19:00etan, Estadio Españolen, 50etik gora haur, heldu eta pertsona nagusi partaide izan dituen ekimena.

Bertako udako opor atsedenaren ostean, Europako Euskal Etxeak ikasturte berriko aktibitateetara poliki-poliki itzultzen ari direla, Diasporaren Eguna ekitaldi horietako lehenengoa izango dute EDE kasu askotan. Bruselako euskal elkarteak bisita potolo batekin ospatuko du, izan ere irailaren 12an Theatre Mercelis aretoan (Ixelles) Zea Mays euskal talde indartsuak kontzertua eskainiko baitu, Elektrizitatea deitu duten biraren baitan. Iluntzeko 7etatik aurrera, pintxo eta edariak ere egongo dira eskuragarri. Informazio gehiago, hemenMallorcako Artea Euskal Etxeak irailaren 13an egingo du bere ekitaldia, euskal pilota ardatz. Son Rapinya Pilota ekuan, jarduera arratsaldeko 7etan hasiko da Jagoba Arrasateren hitzekin. Gero Euskal Etxeko esku Pilota Taldea aurkeztuko dute eta bukatzeko, paleta argentinarreko erakustaldia, Maider Ardanaz (munduko txapelduna) eta Santi Pose (Son Rapinya frontoikoa) pilotariekin.

Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxeko festa ere irailaren 13an egingo dute. Arratsaldeko 3etatik aurrera, dantza, txalaparta, abesbatzak eta jatekoa. Informazioa, hemen. Apur bat iparralderago, Pariseko Euskal Etxean irailaren 15a izango da eguna, elkartearen egoitzan, programa honekin: arratsaldeko 5etan, mus tailerra eta txapelketa txikia. 7etan, kantak, taloak eta edariak. Informazio gehiago, hemen. Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxean, bazkide eta lagunak irailaren 20an bilduko dira, eta eguneko parte, harrijasotzaileak eta herri kirolak iragarri dituzte, baita ere, bola ez, ospatzeko, senidetasun bazkari bat.

Oregoneko Ontarion, Estatu Batuetan, bertako Ontario Basque Club-ek, Lisa Corcostegui doktorearen hitzaldi bat proposatzen du, konderriko 'Malheur County Historical Society' lagun, "Euskal diaspora Oregon ekialdean" izenburupean. Irailaren 11n izango da, osteguna, 11:30ean, eta ondoren bazkari herrikoia menu xinplearekin 15 dolarreko prezioan. Montrealen, Quebec-en, ospakizuna bertako Urteroko Euskal Bestarekin batera ospatuko dute Leber Park-en irailaren 6an, wallball (esku pilota) txapelketa batekin eta bazkari herrikoia tartean. Ikus hemen. Eta Salt Lake Cityn, Utah-ko Euskal Etxeak, irailaren 8an bertan batzera deitu du 18;00etatik aurrera South Murray-eko Murray Park Pavilion #1-en, afaria eta dantzaldia partekatzeko elkarrekin.

Deialdi gehiago gure agendan. Zeure deialdiari buruzko informazioa helarazi nahi baduguzu, info@euskalkultura.eus-era idatziz egin dezakezu.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia